Portal de Gazteaukera

Gazteaukera logotipoa

Logotipo euskadi.net

 
Hemen zaude:
  1. Hasiera
ADMINISTRAZIOKO TESTUAK EUSKARATZEN


Edorta España

HAEEko Itzulpen Zerbitzu Ofiziala

Nondik nora

 ITZULTZEA ZER DEN

Jende askok uste du itzultzea jardun automatikoa dela; alegia, jatorrizko testua irakurri ahala itzultzen dugula, eta hitzez hitz gainera. Itzultzea, ordea, ez da hain kontu sinplea. Badauka trebetasun-maila bat eta, horretaz gain, landu ere egin behar da.

Itzulpenaren bidez, mezuak hizkuntza batetik bestera pasa daitezke, baina Euskal Herriari dagokionez, itzulpengintza, gure irudiko, hizkuntza normaltzeko eta eguneratzeko beste tresna bat ere bada. Nolabait esan genezake, bada, itzulpena, kasu askotan, hizkuntza-normalizaziorako saio-hodia dela.

Faktore askok eragiten dute itzulpenean. Laburbilduta, faktore horiek guztiak batu egiten dira ondoko definizio erraz eta ulergarri honetan: "Zer da itzultzea? Itzultzea da abiapuntuko testuak (sorburu-testuak) dioen guztia esatea, ez dioen ezer ez esatea, eta esaten dena ahalik eta hizkera natural eta jatorrenean adieraztea (xede-testua)".

Baina bada oso kontzeptu garrantzitsu bat edozein itzulpenetan, eta are gehiago, gure ustez, euskal itzulpenetan: testu bat gramatikaren aldetik zuzena izateak ez du esan nahi testu horrek nahitaez komunikatu behar duenik; bai eta ez, kasuen arabera. Nahi dugun hizkuntzan kodetzen dugunean, xede-hizkuntzaren ezaugarriak hartu behar dira aintzat, eta irakurleari edo entzuleari eskaini testu bat ulertuko duena.

Administrazioan, bi bide daudeke testuak euskaraz emateko. Ikus ditzagun eskemok:

Ohiko bidea (xede-hizkuntzari on egiten ez diona)

ERDARAZ

è

EUSKARAZ

 

ë

 

ADMINISTRAZIO-EGINTZA


Proposatzen dugun bidea

ERDARAZ

 

EUSKARAZ

ë

  ì

ADMINISTRAZIO-EGINTZA


Bien arteko aldea begi bistakoa da; apur bat hausnartu eta berehala antzematen da. Horregatik, gure aburuz, administrazio elebidunek bigarren bidea aukeratu beharko dute beren hizkuntzek aurrera egingo badute.

Itzulpen-prozedurak

 GAUZA BERA ESATEKO MODU EZBERDINAK


Izenburuak berak dioskunez, gauza bera modu askotara esan daiteke. Ikus adibide hau bestela:

Plan de Mejora de la Patata a) aukera: Patata Hobetzeko Plana

b) aukera: Patataren Hobekuntzarako Plana

c) aukera: Patataren Hobekuntza Plana

Hirurek mezu bera adierazten dute, baina itzulpen-teknika ezberdina erabilita. Horregatik, komeni da teknika horiei begiradatxoa ematea.

Laburbilduta, hauxe litzateke hasierako sailkapena:


ZUZENEKO

ITZULPENA

1.- Transferentzia edo mailegua
2.- Sinonimia
3.- Kalkoa
4.- Hitzez hitzekoa
ZEHARKAKO

ITZULPENA

5.- Transposizioa
6.- Modulazioa
7.- Baliokidetasuna
8.- Egokitzapena
9.- Zabalkuntza
10.- Azalpena
11.- Ezabapena
12.- Konpentsazioa


Liburuan lauzpabost kasu komentatzen dira teknika bakoitzaren inguruan. Hemen, ordea, laburraren laburrez, azaletik aipatuko ditugu.

MAILEGUA

Zer den: xede-hizkuntzan kontzeptu bat adierazteko hitzik ez dagoenean, sorburu-hizkuntzako hitza hartzen da.

Adibidez: errekurtso, espediente, ordenadore...

Euskarak betidanik hartu ditu maileguak; baina baita hitz berriak sortu ere.

SINONIMIA

Zer den: hitzak berak dioenez, sinonimoak erabiltzea.

Adibidez: agiria/dokumentua; laguntza/babesa/sorospena...

KALKOA

Zer den: sorburu-hizkuntzako sintagmaren egitura kopiatzen da.

Adibidez: via-bili-dad --------> bide-ragarri-tasun

HITZEZ HITZEKOA

Zer den: tituluak adierazten duenez, jatorrizko testuko hitz bakoitzari xede-hizkuntzako beste hitz bat dagokio.

Adibidez: Los documentos están terminados/ Dokumentuak amaituta daude.

TRANSPOSIZIOA

Zer den: sorburu-hizkuntzako zati baten gramatika-kategoria aldatzen da xede-hizkuntzan.

Adibidez:

máquina

(1-izena)

perforadora

(2-adjektiboa)

í 
zulatzeko

(2-aditza)

makina

(1-izena )


MODULAZIOA

Zer den: ikuspuntu-aldaketa

Adibidez: Instituciones Comunes de la Comunidad Autónoma Vasca

Euskal Autonomia Erkidego osorako erakundeak

BALIOKIDETASUNA

Zer den: modulazio-mota bat da; errefrauak, esaera zaharrak, publizitateko mezuak... itzultzeko erabiltzen da.

Adibidez: gorriak ikusi/ pasarlas moradas

EGOKITZAPENA

Zer den: mezua egoera baliokideen bidez ematea.

Adibidez: Santa Claus/ Olentzero

ZABALKUNTZA

Zer den: jatorrizko hizkuntzan baino hitz gehiago erabiltzea xede-hizkuntzan.

Adibidez: zamalanak/ labores de carga y descarga

AZALPENA

Zer den: jatorrizko testuko zati bat azaldu egiten da xede-hizkuntzan, mezua argiago emateko, hau da, ondo uler dadin.

Adibidez: Guía de autoempleo/ Nork bere lanpostua sortzeko gidaliburua

EZABAPENA

Zer den: jatorrizko testuan sobera dauden unitateak ezabatzea edo kentzea xede-hizkuntzan.

Adibidez: habilidades o destrezas/ trebetasunak

KONPENTSAZIOA

Zer den: edozein teknika erabiltzeak dakartzakeen deskonpentsazioak orekatzea.

 ARAZOEI AURRE EGITEN

Testuak itzultzean, teknikez beste arazo batzuekin egiten dugu topo. Horietako batzuk aipatuko ditugu hemen labur.

DESEGIN ETA BERREGIN

Zenbaitetan, euskaratu behar ditugun testuak ez dira, ez, nahi bezain bihurterrazak. Batzuetan, testu bihurriak dira; besteetan, txarto idatzitako lerroaldeak; edo besteetan, datu-karga itzela dago. Horrelakoetan jatorrizko testuaren egitura berari eusten badiogu, agian testu gramatikala lortuko dugu, baina seguraski testua ez da komunikatiboa izango.

Arazo horri irtenbidea emateko, "desegin-berregin" teknika proposatzen dugu. Teknikak hiru aldi ditu, bakoitza ezaugarri berezi batzuekin (ikus liburua). Hona aldiok:

a) testua desegitea (analisia)
b) zubia
c) testua berregitea

ERREDAKZIO ELEBIDUNA

Itzulpena egiteko, jatorrizko testu bat izaten dugu abiapuntu, testu oso bat, egituraturik dagoena. Erredakzio elebidunean, berriz, testuan jaso beharreko edukiak baino ez dira abiapuntu.

Teknika hau aurrera eramateko, erredakzio-taldeak osatu behar dira, eta gutxieneko baldintza batzuk bete.

Hitz gutxitan esanda, hizkuntza bakoitzak bere erredakzio-taldea izango du. Horrela, adierazi beharreko edukiak hasieratzat hartuta, hizkuntza bakoitzeko lan-taldea abiatzen da lanean, sorburu-hizkuntzako testurik gabe. Era horretan, normalean, errazago errespetatuko ditugu hizkuntza bakoitzaren ezaugarriak.

JENDAURREAN IRAKURTZEKO TESTUAK

Gaurko gizartean, begi bistakoa da komunikabideek duten garrantzia. Politikariek eta edozein herritarrek hedabide horiek erabiltzen dituzte beren iritzi eta ideien berri emateko. Horregatik, adierazpenak egiteko moduak itzelezko inportantzia du; zer esanik ez adierazpenok ahoz egiten badira.

Hizkera idatziak ezaugarri batzuk ditu, eta ahozkoak beste batzuk: errejistroak, intonazioa, enfasiak... Erabilera horietako bakoitzak bere usadioak eta arauak-edo ditu.

Nolanahi ere, jendaurrean irakurri behar diren testuek zenbait baldintza bete behar dituzte ulergarriak izateko. Horretarako, hainbat gomendio jasotzen dira liburuan.

PUBLIZITATE-KANPAINETAKO LELOAK

Esan beharrik ez dago marketinak eta publizitateak zer nolako oihartzuna duten gure artean. Publizitate-kanpainetan, normalean, eragin-indar handiko mezuak kaleratzen dituzte: "El que sabe SABA", "Que no te den gato por liebre"...

Esaldi hutsak direnean, gehienetan ez dugu arazo handirik izango: ideia eman eta kitto. Adibidez, "Póntelo, pónselo", "Cuerpos Danone"...

Arazoa, ordea, hitz-joko eta metaforekin hasten da. Kontu honetan ez dago formula magikorik. Irtenbide bakarra buru-gimnasia da. Liburuan zenbait adibide praktiko eskaintzen dira argigarri gisa.

FORMATOEN EGOKITZAPENA

Gaztelaniazko administrazio-hizkerak oso ezaugarri zehatzak izan ditu urteetan, besteak beste: adierazpide zaharkituak, preposizioez baliatuta esaldi amaitezinak, gerundioak... Eta testu horiek euskaratzen ditugunean, batzutan konturatu gabe, besteetan nahita, gaztelaniazko testuaren ereduaren arabera egin izan dira askotan. Kasu horretan daude inprimakiak.

Liburuak hainbat aholku ematen ditu zenbait formato aldatzeko; izan ere, aldaketa horren bidez, administratuak hobe ulertuko ditu bete beharreko datuak.

JATORRIZKO TESTUTIK HURBILEGI ITZULTZEAREN ARAZOAK

Edozein testuk bi alde ditu: forma eta mezua. Administrazioko itzultzaileak biak hartu behar ditu aintzat, baina formak traba egiten badio ulertzeari, aldatu egin beharko da.

Itzultzaileak jatorrizko testuaren edukia errespetatzeaz gain, itzelezko garrantzia ematen badio formari, oso testu zurrunak eta ulergaitzak sor daitezke. Sorburu-hizkuntzako hitz bakoitzaren kategoria gramatikalari ez dagokio nahitaez kategoria bereko beste hitz bat; beharbada bai, beharbada ez.

Nola edo hala, itzultzaileak distantzia izan behar du sorburu-testuarekiko. Liburuan, honelako kasuak aztertzen dira.

 

Bidali:

     

Esteka interesgarriak

Compromiso con las personas