Logotipo gazteaukera

Logotipo euskadi.net

Boton inicio On

Hemen zaude::
  1. Hasiera
  2.  
  3. Euskadiko Gazteak Lankidetzan programa
 

W3C-WAI-k web edukirako ezarritako 1.0 Erabilerraztasun Jarraibideetako A mailari dagokion ikonoa

Experiencias cooperantes: Usuy (Senegal)


"Afrika amets bat da, Afrika ankerra da, Afrika betiko irribarrea da, Afrika gupidagabea da, Afrika bizitza da."  (Casamance - Senegal)

MapaUztailaren 11an iritsi nintzen Senegalen hego-mendebaldeko Usuy herrira, Senegaleko Casamance eskualde aberatsean kokaturiko txoko lasai eta abegitsu hartara. Eusko Jaurlaritzaren "Euskal Gazteria Lankidetzan" programari esker izan nuen toki zoragarri hura ezagutzeko aukera Bakerako Lankidetza Batzarrea (BLB) gobernuz kanpoko erakundeak (GKE) bertan dituen proiektuetan parte hartuz.

Nekazal ingeniaritzan ditudan ikasketez baliatuz bertako emakumeek dituzten baratzeetan aholkulari moduan aritzeko lanarekin joan nintzen, bertako nekazal garapenean laguntzeko asmotan. Baina zoritxarrez nere egonaldiak, uztailetik urrira izan bainitzen bertan, sasoi hezearekin kointziditu zuen eta baratza guztiak bertan behera utzita aurkitu nituen euri eraso bortitzengatik eta jende guztia, haur, emakume eta gizon, arrozaren lanketan aritzen direlako, arroza baita oinarrizko elikagaia lurralde haietan.

SenegalHorrela bada, batetik BLBk zituen beste proiektuen jarraipena eta ebaluazioan aritu nintzen: ospitala, osasun etxeak, putzuak, euri-ur zisternak, amategiak, barazki hornitze zentruak, baratzetako lanak (putzuak, hesiak...) eta abar, eta bestik, proiektu berrien identifikazio lanetan ere bai: zenbait herrixketako osasun azpiegituren egoera, herriko jendearekin elkarrizketak...

Bestalde, BLBk udan antolatzen dituen "Lekuko kooperazio kurtsoa"-n parte hartzeko aukera izan nuen Espainiatik etorritako 22 lagunekin batera, kooperazio munduak nola funtzionatzen duen ikasi eta tokian bertan nola lan egiten den hobe ezagutzeko.

Casamance eskualdea duela 20 urte hasi zen errebelio eta guda baten azken arnasak bizitzen ari da, bakea gertu dela dirudi eta jendeari esperantza hori sumatzen zaio irribarrean. Baina guda honek eskualdea erabat bazterturik utzi du herrialdeko gobernuari dagokionez. Garraio azpiegiturak benetan penagarriak dira (Ziguinchor hiriburua eta Usuy arteko 40 km-ak egiteko ordu eta laurdenetik gora behar da), herritarren gehiengoak argindarrik eta urik ez du etxeetan eta osasun zerbitzuak negargarriak dira. Usuy departamenduan esaterako, 40.000 biztanlerentzat mediku eta ospital bakarra dute 12 oherekin: lau haurrentzat, lau gizonentzat eta beste lau emakumeentzat. Herrixketan "osasun etxeak" dituzte clamoxil pare bat eta lau parazetamolekin, bertan estatuak ordaindu beharko luken formatutako erizain bolondresak aritzen dira lanean aspertu eta hiriburuetara alde egiten duten arte. Amategietan ohe herdoilduak, moskiterarik gabeko leihoak, koltxoi ustelduak, maindireak ahaztu... egoera izugarria benetan.

Gudaren beste ondorio bat eskualdearen garapen ekonomiko falta izan da, diru iturri falta. Turismorako potentzial izugarria duen arren (hondartzak, baso tropikalak, herrixkak, aintzirak, itsas adarrak...) gudaren oihartzunek uxatu dituzte iparraldeko tour-operadore eta bidaiariak. Guzti honen ondorioz Usuyko jendea egunerokoarekin bizi da, gaur bizi eta bihar emitai bale haze! (jainkoak bakarrik daki!), bertako diola hizkuntzan esango luteken bezela.

SenegalBLB Usuy herria zentru administratibo duen eta izen bera duen departamenduaren garapenerako ari da lanean. 40 ohe eta ekipamendu berriz hornituriko ospital berri bat eraiki dute, amategiak berreraikitzen ari dira, ur putzu eta zisternak, emakumeen baratzak martxan jarri dituzte eta baita hauen produktuak gordetzeko horniketa eta banaketa zentruak ere beste zenbait proiekturen artean. Honetaz gain bertako ehun soziala garatzean du oinarria GKEak: emakume elkarteak sortu, produkzio sistema kooperatiboak bultzatu, nekazal zein osasun aholkulariak formatu, eta abar, baina hau guztia herrialdeko gobernuaren inplikazio zuzena eskatuz.

Halere, nire esperientziaren zatirik interesgarriena bertako jendearekin izan nuen hartu emana izan zen. Usuyn diola etnia animista da nagusi. Benetan dira abegikorrak eta irekiak, nik eman dudan gutxia baino askoz gehiago jaso dut beraiengandik. Beraiekin batera arroztiak lantzera joan, beraien etxeetan jan, beraien festetan parte hartu, Usuyko erregearen festan beraiekin batera guda-dantzatetan parte hartzeko aukera izan, borroka tradizionala barru barrutik bizi, gazte talde batekin antzerkia egin... Tokia zoragarria eta jendea are gehiago.

"Afrika droga bat da" zioen hautaketa probetan genuen epaimahaiko kide batek. Senegaleko lehen presidente demokratikoa izan zen Leopold S. Senghorrek aldiz "Afrikan ez da mugarik, ezta bizitza eta heriotzaren artean ere" esan zuen. Orain, handik bueltan hitz horiek labur geratzen direla iruditzen zait. Afrika amets bat da, Afrika ankerra da, Afrika betiko irribarrea da, Afrika gupidagabea da, Afrika bizitza da...

Xabier

Casamance (Senegal)

Fecha de la última modificación: 08/08/2005