. Nor edo zer da motxileroa?
. Turista tradizionala ala motxileroa?
. Motxilero motak
. Aholkuak
. Zer eraman behar dut motxilan?
. Nora joan
Bidaiatzeko era ezberdinak daude. Batzuek, erosotasunari ematen diote lehentasuna eta ia oporraldi guztia ondo programatuta edukitzea nahi izaten dute. Beste batzuek, aldiz, bisitatzen duten tokia modu diferentean ezagutu nahi izaten dute, inprobisazioari ere tokia utziz. Azken talde honetan sartzen dira motxileroak.
Nor edo zer da motxileroa?
Motxileroaren definizio arruntena (edo sinpleena) hauxe izan daiteke: bidai ekonomiko edo merkeak egin eta, gehienetan, bere sorbaldan motxila batekin ibiltzen den gaztea. Hala ere, bidaiatzeko era honen atzean askoz gehiago ere badago, jokabide bat eta filosofia bat. Bidaien ideia erromantikoa dute eta, beraientzat, bisitatzen duten tokia bezain garrantzitsua da bidaia bera.
Turismo tradizionalarekin ez bezala, motxileroek harreman estuagoa bilatzen dute tokiko kulturarekin, gidaririk gabe eta aurreikusitako ibilbidea edozein unetan aldatzeko malgutasun osoarekin.
Sarritan ostatuak edota aterpetxeak aukeratzen dituzte beraien egonaldietarako, garraio publikoak erabiltzen dituzte eta janaria supermerkatuetan erosten dute jatetxeetara joan beharrean.
Turista tradizionala ala motxileroa?
Turista "tradizionalaren" eta turista "motxileroaren" arteko muga non dagoen zehaztea ez da batere erraza. Izan ere, motxileroa bidai merkeak egin eta motxila erabiltzen duena dela bakarrik esatea sinpleegia da. Beraz, batzuen eta besteen artean ezberdintzeko berezitasun bi aipatu ditzakegu: bidaiaren iraupena eta erabilitako garraio mota.
Orokorrean, motxileroen bidaiak luzeagoak izaten dira. Garraio merkeagoak erabiltzen dituzte eta bidaiaz (toki batetik bestera joateko ibilbideaz) gozatzen dute. Turista tradizionalak, aldiz, bere destinoa aukeratzen du lehenik eta behin eta, hara heltzeko egin beharreko bidaia, derrigorrez igaro beharreko neke bat baino ez da beraientzat.
Bestalde, motxileroen beste ezaugarri berezi bat beraien soziabilitatea eta adiskidetasuna da. Beste pertsona batzuekin harremanak eduki eta esperientziak trukatzeko gogoa izaten dute.
Motxilero motak
Profesionala: bidaiatzera atera den bakoitzean motxila batekin atera da. Mundua ezagutzeko ez du beste modu hoberik ezagutzen. Motxileroaren mundutxoa goitik behera ezagutzen du eta ehunka lagun ere egin ditu bizi izan dituen abentura guztietan.
Sabatikoa: karreraren amaiera, eten bat lanean… Edozein aitzakia ona izan daiteke atsedenaldi bat hartu eta bidaien plazeraz gozatzeko.
Kasuzkoa: ez da ohiko motxileroa eta ez darama odolean filosofia hori, baina errutinarekin apurtu eta zerbait ezberdina egiteko beharrizana sumatzen du. Motxila hartu eta zoriak sorpresaren bat ematea, hori da gehien erakartzen diona.
Jaietakoa: bere oporraldiko egun guztiak hondartzan, eguzkia hartzen eta jairik-jai igaro nahi lituzke.
Alboko herrikoa: ez du urrunegi joan nahi eta ezta ere sei hilabete jarraian etxetik kanpo egon. Hala ere, deskonektatu egin nahi du, eta badaki hori etxe ondoan egin dezakeela.
Aholkuak
Uda honetan zure motxila hartu eta mundu berriak ezagutzeko erabakia hartu baduzu, oso ongi etorriko zaizkizu aholku batzuk:
-
Erabaki zein urte-sasoitan bidaiatu nahi duzun
Udan, motxileroak perretxikoak bezala ugaltzen dira, eta beraz, lagun ugari egin ahal izango dituzu. Gainera, tenperatura atsegina da, kontzertuak eta jaialdiak izaten dira Europa osoan… Hala ere, dena da garestiago. Jende-pilaketa handiak izaten dira. Agian ez duzu tokirik aurkituko tren edo ostatu batean overbookinga dagoelako.
-
Alde batera utzi hiri garestienak
Herrialdeak ez daude beren hiriburuetan. Ongi dago Paris, Erroma… ezagutzea, baina badira horiek bezain ederrak eta askoz merkeagoak diren hiriak. Bi edo hiru egun hiriburu batean egitea eta gainerakoak hain ezagunak ez diren herrietatik barrena ibiltzea da duzun aukera bat. Ahaztu baino lehen: ba al zenekien Londres dela Europako hiririk garestiena?
-
Zure bidaia garaiz programatu
Behinik behin, hegazkin-txartelari dagokionez. Zenbat eta lehenago erreserbatu, orduan eta merkeagoa izango duzu. Datorren urteko urtarrilean Berlinera joan nahi duzula baldin badakizu, egizu zure erreserba. Ahal baduzu, hobe da txartel irekia izatea, etortzeko eguna aldatu ahal izan dezazun, diruak horretarako aukera ematen badizu eta denbora gehiago geratzea erabakitzen baduzu.
-
Bidaiatzera zoazen herrialdeari buruzko informazioa jaso
Bertako legeak, ohiturak, beharrezko txertoak, hizkuntza ofiziala... Bisitatuko duzun herria zenbat eta gehiago ezagutu, hobeto moldatuko zara eta arrisku gutxiago izango dituzu. Horren inguruko informazio guztia duzu kanpo arazoetarako eta kooperaziorako ministerioaren www.mae.es web orrian. Turismo-bulegoetan, Interneten eta gidetan ere informazioa jaso daiteke. Ba al zenekien Londresko linea publikoko 24 zk. autobusak "sightseeing" autobus turistikoen ibilbide bera egiten duela? Horixe ba.
-
Aprobetxatu orain, gaztea zarela
Zure Gazte-txartela bezalakoei esker, aterpekide txartela erdi prezioan eskuratu ahal izango duzu, bidaia-asistentziarako doako aseguru batekin bidaiatu, museoetan doan sartu, kontzertuetara beherapen handiekin joan… Bila ezazu Gazteaukeran nola atera diezaiokezun zukurik gehiena zure Gazte-txartelari.
Zer eraman behar dut motxilan?
Motxilero baten bidelagun garrantzitsuena motxila da. Kontuan izan ezazu ehunka edo milaka kilometro egin beharko dituzuela zuen motxila bizkarrean duzuela. Beraz, zelan bete behar dugu gure motxila? Zer da eraman behar duguna? Hementxe dituzu pista batzuk:
-
Motxila, arin samarra:
Seguru zurekin eraman nahiko zenituzkeela zamarra bakeroa, larruzkoa, marradun galtzak, marrarik gabekoak… baita zure bikotearen metalezko argazki-markoa ere, baina hobe duzu dena etxean uztea. Zenbat eta gauza gutxiago eraman motxilan, hobe. Motxila bizkarrean duzula hilabete egin ondoren eskertuko duzu.
-
Poltsa edo nezeser txiki bat erabili, gauza jakin batzuk gordetzeko:
Argazki-kamera, esaterako. Galtzerdi, elastiko eta galtzen artean bilatu behar baduzu kamera, aurkitu duzunerako lurrera eroria izango da Pisako dorrea.
-
Ordezkaezina den ezer ez eraman:
Amonak oparitu zizun urrezko erlojua eta zuretzat hain estimu handikoa dena, zure gelako tiraderan utz ezazu, itzultzen zarenean han egongo delako zalantzarik gabe. Baina eramaten baduzu, agian ez da itzuliko.
-
Fotokopia itzazu zure agiriak irten aurretik:
Fotokopiatu, edo eskaneatu, eta gero zure ordenagailuan gorde... edo nahi duzuna egizu, itzultzen zarenean identifikatzeko moduren bat izateko, baldin eta zure paperak galdu badituzu. Identifikazio gisa balioko dizute eta izapideak erraztuko dizkizute.
-
Dirua patrika desberdinetan banatu:
Ez ezazu diru guztia patrika bakarrean gorde. Patrika desberdinetan banatu, baita barneko patriketan ere, eta horrela, lapurtzen badizute, ez duzu dendena galduko. Eta saia zaitez diru xehea beti eskura edukitzen gastu txikiak egiteko, eta horrela ez duzu zure billete-mordoa atera beharrik izango txikle-zorro bat erosi nahi duzunean.
Nora joan
Orokorrean, ez dago mundu osoan motxilero batentzat aproposa ez den tokirik. Hala ere, sarritan, bidaiatzeko mota hau aukeratzen dutenek hainbat herrialde ez dituzte oso gustuko izaten bizi-kostu handia dutelako (Eskandinavia edota Polinesiaren kasu), egoera politiko eta sozial ezegonkorra dutelako (Somalia, Ipar Korea, Irak…) edo turismo tradizionalarekin masifikatuta daudelako (Benidormen ez dituzu motxilero asko ikusiko). Bestalde, Europako herrialde gehienak gustuko dituzte, garraio publikoaren sarea ona delako, aterpetxe ugari daudelako eta erosoak direlako bidaiarientzat. Praga, Budapest eta azken aldian Kroazia eta Balkanek arrakasta handia dute, eta baita Britainia Handiak, Alemaniak edota Irlandak ere.
|