|
Mikroipuin irabazlea:
ORBAINA
Donostiako Alde Zaharreko zurrumurru baten arabera, bazen neska bat, hogei hogeita bost urte bitartekoa, zeinari larrua jotzerakoan lepoan zuen orbaina sutan jartzen zitzaion. Berarekin lehen aldiz oheratzen ziren mutil guztiak txoratuta uzten zituen; orbain gorriko neska berriz noiz ikusiko, ez zuten besterik buruan.
Oso zaila omen zen, ordea, errepikatzea. Inork ez zuen ezagutzen horrelakorik lortu zuenik, neskarekin bigarren aldiz lo egiten zutenak ez baitziren, antza, berriro inoiz ere esnatzen.
Denbora asko pasa zen, baina ongi gogoan nuen nire ezpain artean kateatu nuen orbain gori hura. Ez zen horrenbesterako, baina duda izpirik gabe nire bizitzako onenen artean dago larunbat gau zurrunbilotsu hura.
Bigarren biderrez korapilatu ostean, aldiz, goizaldean ustekabean esnatu nintzenean, bi galdera neuzkan buruan, casettaren bi zulotxoen gisara biraka: lehen galdera zen, bera ote zen orbaina sutan jartzen zitzaion egiazko neska, eta bigarrena, bera bazen, ni ere neska nintzelako ote nengoen esna, bizirik.
Parte hartzeko baldintzak berdinak izaten jarraitzen dute:
- Gazte-txartela Euro<26ren titularra izan behar duzu.
- Idatziaren luzera 125 eta 150 berba bitartekoa izan behar da.
- Nahi beste ipuin bidali ditzakezu.
- 16 urte beteak izatea bidaia egiteko unean.
- Zure ipuina gazteria@ej-gv.eshelbidera bidali behar duzu uztailaren 18a baino lehen, zure izen-abizenak, NAN zenbakia eta kontakturako telefono bat adieraziz.
Aurten ere, gutxienez 125 eta gehienez 150 hitz dituen idazki bat bidali beharko diguzu gazteria@ej-gv.es helbidera eta besteetan bezala, zure mikroipuinak lehiaketa irabazten badu, sari erraldoia irabaziko duzu.
Saria mikroipuin originalenak jasoko du: 700 euro baino gehiago balio duen bi asteko ingeles ikastaroa Dublinen (egonaldia barne) eta Dublinera joan-etorriko hegaldia.
Ipuin hoberenak Gazteaukerako blog-ean argitaratuko ditugu eta irabazlearen izena ere web orri honetan publikatuko dugu abuztua baino lehen.
Sariaren xehetasunak:
- Dublinera joan-etorrirako hegazkin-txartela

- Orientazio-bilera eta beharrezko informazioa Irlandara heltzean
- Ostatua familia batekin, biko logelan eta pentsio erdian (gosaria eta afaria)
- Bi asteko ingeles ikastaroa (20 ikastordu astean)
- Ezagutza maila jakiteko testa eta egiten diren pausuen jarraipena
- Ikasle txartela
- Informatika zentrora eta Internetera dohaineko sarrera
- Ikastaroaren ziurtagiria
Irabazleak berak aukeratu ahal izango du, noiz egin ikastaroa, beti ere uztaila eta abuztua kenduta.
Inprima ezazu kartel hau eta jarri zure ikastetxe, unibertsitate, udal herriko kultur etxean edo zu ibiltzen zaren edozein ingurutan, baliteke idazle berri bat iragarki honen zain egotea!
Zozketa honetan parte hartzeak Gazte-txartelak bere zozketa eta lehiaketei aplikatzen dizkien Baldintza Orokorrak bere osotasunean onartzen dituzula suposatzen du.

|