· Anorexia
·
· Nora jo, baliabideak...
· ACABE elkartea
BESTE NAHASMEN BATZUK
·
·
AHOLKUAK
· Elikagaiak erostea eta manipulatzea
JPT (Jateko Portaerako Trastornoak) bezala ezagunak diren gaixotasunak gero eta ohikoagoak dira gure gizartean. Sarritan, kezka asko izaten ditugu gaixotasunaren inguruan eta seguru galdera ugari izango dituzula buruan:
-
Zer esan nahi du jateko portaeran trastornoak izateak?
-
Nola lagundu jateko portaeran trastornoak dituen alabari?
-
Zeintzuk dira portaera horietatik etor daitezkeen arazoak?
-
Medikuarengana jo behar al da?
-
Zein da jateko portaerako trastornorako tratamendua?
-
Medikazioa laguntza izan daiteke jateko portaerako trastornoan?
-
Tratamendu psikosoziala edota psikoterapia beharrezkoak al dira?
-
Hobera egingo al du?
-
Zeintzuk dira eskura dauzkadan baliabideak?
Gaixotasun horien jatorrian hainbat faktore egon daitezke. Hala nola, faktore biologikoak, sozialak eta psikosozialak daude; horien artean garrantzizko lekuan daude ondorengoak: nerabeek dituzten gatazkak, eta horiekin batera autonomia pertsonala ezartzeko dituen eragozpenak. Ondoren anorexia nerbiosoaren eta bulimia nerbiosoaren inguruko informazioa eskaintzen dizugu.
Anorexia
Anorexia nerbiosoaren ezaugarriak gorputz-itxuraz gehiegi kezkatuta egotea eta argaltzen gogo gehiegi ipintzea dira. Trastorno hori orain dela hamarkada asko identifikatuta dago eta adostasun nabariz deskribatu da.
Gaixotasuna estuki lotuta dago emakumeekin: gaixoen %90-95 inguru emakumezkoak dira. Hala ere, gero eta gizonezko gehiagok jasaten dute gaixotasuna.
Sintomak
Modu asko daude nahasmen hau detektatzeko. Garrantzitsuenak ondorengoak dira:
- Adinari eta luzerari dagokion pisua balio minimoaren berdina edo goragokoa mantentzeari uko egitea.
- Pisu galtze nabarmena, eta lodia dagoela esatea nahiz eta argala egon.
- Irensten diren janarien kopurua murriztea.
- Geroz eta barnerakoi eta isolatuagoak azaltzea.
- Oldakortasuna, goibeltasuna eta sendi eta lagunengandik isolatzea.
- Beraien bizitzan edertasuna, arrakasta eta irudia soilik kontutan izanda epaitzea.
- Ikasketetan kontzentrazioa galtzea.
- Bakarrik jatea.
- Neurrigabeko ariketa fisikoak egitea.
- Diuretiko eta laxanteak kontsumitzea.
- Hilerokoaren irregulartasun edo galketa.
- Hotza eta idorreria izatea.
Bulimia

Bulimia nerbiosoa anorexia nerbiosoa baino ohikoagoa da. Bere ezaugarria askotan eta bakoitzean asko jatea, hau da, betekadak egitea, kontrola galdu dela sentitzen delarik da.
Trastorno hori emakumezkoei lotuta dago: gaixoen %90-95 inguru emakumezkoak dira eta kasu askotan, gaizki zaindutako anorexiatik sortzen da bulimia.
Sintomak
Modu asko daude nahasmen hau detektatzeko. Garrantzitsuenak ondorengoak dira:
- Kontrol gabe jatea.
- Jatea ezin uztearen irudipena izatea.
- Ez jan, edota dieta latz eta gogorrak egitea lehenago neurrigabe jandakoa konpentsatzeko.
- Onartzen ez badute ere, oka egitea.
- Itxura osasuntsua izaten dute, eta horrek gaixotasuna atzematea zailtzen du.
- Laxante eta diuretikoak neurrigabe erabiltzea.
- Jan eta gero, askotan komunera joatea.
- Beren pisuak kezkatzea.
- Hileroko irregularrak.
- Hortzetako arazoak.
- Erraz sumatzen diren umore aldaketak eta depresioak.
Nora jo eta baliabideak
Osakidetzako Lehen Mailako atentzioko sareak sistema sanitariora sartzeko ate-funtzioak egiten ditu. Horrela bada, zure Osasun Zentroko medikua da lehenengo jo beharreko erreferentzia-puntua, atentzio mediko efikaza hartzeko.
Bertan egiten dizuten diagnostikoa abiapuntutzat hartuta, dagokizun Osasun Mentaleko Zentroko profesionalaren batengana bidaliko zaituzte. Bertan, zure kasua behar bezala ebaluatuko dute eta, beharrezkoa izanez gero, IPTen tratamenturako Programa Espezifikora bidaliko zaituzte.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak Jateko Portaerako Trastornoen (pdf, 1,2 Mb) inguruko hainbat informazio bildu du honako txostenean. Besteak beste, modu horretako trastornoak atzematen direnean jarraitu beharreko pausuak, nora jo behar den eta ze ondorio izan ditzakeen azaltzen da.
ACABE elkartea
ACABE elkartea anorexia eta bulimia nerbiosoaren aurka egiten saiatzen den irabazteko asmorik gabekoa da. Gaixoen senideek eta boluntarioek osatzen dute 1994an sortu zen elkarte hau.
Gaixotasun hauek sendatzeko oso garrantzitsua da gaixotasunaz garaiz jabetzea, eta susmoren bat izanez gero, medikuarengana jo behar da. Sendabidea luzea da, aditu oso espezializatuen laguntza behar da eta babes osoa familia eta inguruko pertsonen aldetik. Hau da, ezinbestekoa da familiaren berotasuna eta aholkularitza gaixoa sendatzeko prozesuan zehar. Helburua gaitzak jotako pertsonak bere baloreetan oinarritutako nortasuna garatzea da, kulturako estereotipoetatik ihes eginda.
ACABE elkarteak gaixoei eta beraien senitartekoei behar duten harrera eta laguntza eskaintzen diete Autonomia Erkidegoko hiru lurraldeetan dituen bulegoetan.
BESTE NAHASMEN BATZUK
Bigorexia
Bigorexia nerbio-anorexiaren aurkako gaitza da. Gaixotasun hau jasaten duten pertsonak beraien gorputzarekin obsesionatuta daude. Gorputzeko giharrak gutxi garatuta dituztela uste dute, edo eta gorputzaren itxura fisikoa hobetu behar dutela. Horregatik, beraien gorputza hobeto ikusteko, eta beraien gorputzarekin gustura sentitzeko, ariketa fisikoa egiten dute. Arazoa, ariketak gehiegizko bihurtzen direnean sortzen da. Gainera, kasu askotan, ariketa fisikoa egiteaz gain, gaixoak anabolikoak eta esteroideak hartzen ditu.
Gaitz hau jasateko arrisku gehien gazteek dute, telebista, aldizkari eta gizartearen eragin handia baitute, eta beraien gorputza atseginagoa izan dadin nahi baitute.
Ortorexia
Ortorexia osasunaren ardura obsesiboaren ondorioz sortzen den gaixotasuna da. Gaitza jasaten duten pertsonek janari garbia soilik jaten dute. Osasuntsu jatearen ondorioz, haragiari uko egiten diote, ez dute grasarik kontsumitzen eta sustantzia artifizialak dituzten jakiak alde batera uzten dituzte. Garbi jatearen obsesioak, gorputzarentzat behar-beharrezkoak diren elikagaiak alboratzea dakar eta zenbait kasutan, gorputzak behar horiek asetzen ez dituenez, gaitz larriagoak jasateko arriskua ere badago.
Ortorexia duten pertsonak gizartetik isolatzen dira, beraien aburuz etxetik at ezin baitute jan, eta horregatik, nahiago dute etxean bakarrik geratu.
Elikagaiak: jakin beharrekoak
Oso erraza da erosketa-otarra betetzea. Baina, modu egokian egiten al duzu? Pausu zehatzik jarraitzen al duzu? Erosketak egiten dituzun dendaren baldintzetan arretarik jartzen al duzu? Kontuan izan beharreko arloak dira horiek guztiak. Horregatik, gauzak behar bezala egiteko eta zure erosketa-otarra modu egoki eta onean betetzeko hainbat gomendio bildu dizkizugu hemen.
-
Higiene-baldintzak betetzen ez dituzten establezimenduetan ez da erosketarik egin behar. Kontuan izan hoztu eta izoztutako produktuak bero-sorgailuetatik urrun daudela, eta baita produktuak dauden apalak ez daudela lurrean, bertatik zentimetro batzura baizik.
-
Produktuaren iraungitze-data kontuan har ezazu, batez ere, produktua merketuta baldin badago.
-
Produktuaren ezaugarriak kontuan har itzazu. Hau da, ontzia irekita, hondatuta edo apurtuta ez dagoela kontuan izan, eta etiketa duela. Ezinbestekoa da produktu guztiek etiketa izatea.
Erosketa egin ostean, erositako elikagaia prestatu eta gertatzeko unea heltzen da. Pertsona bakoitzak bere modu eta ohiturak ditu jakiak prestatzeko, baina ez da ahaztu behar, hainbat gomendio jarraitzea beharrezkoa dela. Adibidez, higienea eta garbitasuna ezinbestekoak dira. Zenbait pausuk zure jakiak prestatzeko lanean lagunduko dizute.
-
Erabili behar dituzun tresnak eta azalerak garbi egon behar dute. Erabili ostean berriz garbitu behar dira.
-
Elikagaiak erabiltzen hasi aurretik ezinbestekoa da eskuak garbitzea. Batez ere, komunean edo etxeko animaliekin egon baldin bazara.
-
Jakiak prestatzerakoan, elikagai bakoitzak behar duen denbora eta tenperatura erabil ezazu. Modu horretan, jakiek izan ditzaketen germenak hilko dira.
-
Janaria prestatu ondoren, ahalik eta azkarren kontsumitu behar da. Gainera, sobratzen dena behin baino gehiagotan ez berotzea gomendatzen da.
-
Prestatu duzun janaria gorde nahi baduzu, horretarako egokia den ontzi bat erabili ezazu, eta tapa jar iezaiozu.
-
Bero egiten badu, garbitasun neurriak, eta produktua gordetzeko neurriak handiagoak izan behar dute.
Kontsumitu duzun produktu batek zure osasunari kaltetu diola uste baduzu, berehala joan behar duzu medikuarengana. Era berean, intoxikazioa jaki zehatz batek sortzen duela uste baduzu, ez ezazu zakarrontzira bota, bere analisia erabilgarria izan baitaiteke.
|