·
- Kannabisa
- Kokaina
- Sintesi drogak
·
·
·
·
Drogen kontsumoa aspalditik egon da zabalduta gizakien artean. Baina gaur egun ematen diren kontsumoen frekuentziak eta kantitateak ez dira inoiz ezagutu. Gainera, orain arte ez ziren ematen nerabezaroan, eta orain bai.
Drogen aniztasuna eta kontsumitzeko presio iraunkorrak kontuan hartuta, prestatuta dagoen pertsona baino ez da izango gai erabaki autonomoak hartzeko. Kontsumoen ondorio eta inplikazioak ezagutuko dituen pertsona, eta baloratu eta gero erabakia hartuko duena. Horregatik, ezinbestekoa da drogen inguruan gauza gehiago ezagutzea. Hemen bildu dizugu jakitea komeni zaizuna.
Zer dira?
Drogak edo substantzia psikoaktiboak legezkoak edo legez kanpokoak izan daitezke. Baina guztiek antzeko moduan jarduten dute: garunean izaten dute eragina. Ez da ukatu behar, ordea, droga batzuk beste batzuk baino arriskutsu eta kaltegarriagoak direla.
Kontsumitzen den drogaren arabera, ondorioak eta arriskuak aldatu egiten dira. Horretan eragina dute besteak-beste, kontsumitzailearen ahultasunak, kontsumitu den substantziaren edo substantzien kopuruak, maiztasunak eta kontsumoaren inguruak.
Gaur egungo gizartean nahiko "ohikoa" bilakatu da drogak kontsumitzea. Gainera, ez dago drogarik gabeko gizarterik. Jendea, eta baita gazteak ere, arrazoi ezberdinengatik hasten dira droga kontsumitzen. Faktore desberdinek eraginda has daiteke persona bat kontsumitzen, eta horretan zerikusia dute bai pertsonaren historiak, bai familiak eta baita gizarte inguruneak ere.
Garbi eduki behar da, ordea, droga mota ezberdinak daudela. Alkohola, tabakoa, kanabisa, kokaina, heroina eta beste substantzia asko dira drogak. Batzuk legezkoak dira eta beste batzuk ez, baina guztiak dira substantzia psikoaktiboak. Hau da, garunaren gain jarduten dute. Ondorengo ondorioak sortzen dituzte:
- Adimenaren jarduera, sentipenak eta jokabideak aldatzen dituzte. Kontsumoa arriskutsua da osasunarentzat eta ondorio sozialak ere izan ditzake kontsumitzaileen eguneroko bizitzan eta bere ingurunean; kontsumoak, bestalde, mendetasuna eragin dezake.
- Era askotako ondorioak eragiten ditu gorputzean, droga bakoitzaren ezaugarrien, ondorioen eta toxikotasunaren arabera.
Kannabisa
Kannabisa gure gizartean kontsumitzen den legez kanpoko droga nagusiena da. Bere kontsumoa oso zabalduta dago, eta askok legaltasun itxurarekin bizi dute droga hori. Ez da ahaztu behar, ordea, kannabisak ondorio larriak izan ditzakela gure osasunean. Horregatik, beharrezkoa da droga mota horren inguruko informazioa izatea.
Kannabisa landare bat da, eta bere hostoak, loreak eta zurtoina erabiltzen da. Landare horretatik droga ezberdinak ateratzen dira, eta horiek modu ezberdinean kontsumitu eta aurkezten dira. Haxixa, marihuana eta olioa dira kannabisetik ateratzen diren substantziak.
Haxixa: subtantzia hau lortzeko, kannabis landarearen hostoak arraspatzen dira, eta ondoren landare lehorretik ateratzen den hautsarekin nahasten da. Xafla moduan heltzen dira kontsumitzailearengana, eta tabakoarekin batera nahastuta erretzen da. Kasu askotan, beste substantzia batzuk ere nahasten zaizkio haxixari.
Marihuna: substantzia hau landarearen hosto, zurtoin eta lore lehorretatik lortzen da. Tabakoarekin nahastuta erretzen da, zigarro moduan.
Olioa: printzio aktiboen kontzentrazio handiena duen substantzia da. Gaur egun, bere erabilera murritza da, eta pipan erretzen da.
Substantzia horien ondorioak aldakorrak dira. Horretan eragina du bai pertsonaren egoera fisiko eta psikikoak eta baita hartzen den droga kopuruak ere. Hala ere, kasu gehienetan plazerra eta lasaitasuna eragiten ditu. Beste eragin batzuk ere baditu kannabisak. Ondorengoak dira:
- Erritmo kardiakoa handitzen da (taupadak).
- Listu jarioa gutxitzen da (aho lehorra).
- Odol hodiak dilatatzen dira (begi gorrixkak).
- Nazka sentsazioa sor dezake.
- Kontzentrazio zailtasuna.
- Mendetasun psikikoa.
- Arrisku soziala dakarten egoerak sor ditzake.
- Zenbait pertsonengan, aluzinazio, pertsonalitate arazoak... eragin ditzake.
Kokaina
Kokaina hauts zuri finaren itxura duen droga da. Koka izeneko landarearen hostotik ateratzen da substantzia hori, eta kontsumitzeko modu ezberdinak daude. Horien artean nagusiena eta baita ezagunena ere, kokaina arnastea da, hau da, esnifatzea. Hala ere, badira beste modu batzuk: erretzea eta berna barnetik injektatzea esaterako.
Gaur egun kontsumitzen den kokaina ez da erabat garbia edo purua. Trafikatzaileek substantzia ezberdinak nahasten dizkiote kokainari eta horrek, drogaren ondorio larriak eta arriskuak handitzen ditu. Izan ere, ezinezkoa gertatzen da kontsumitu den kokainak ze substantzia dituen jakitea.
Kokaina hartu eta berehala euforia egoera sortzen du. Era berean, ahalmen intelektuala eta fisikoa ere handitu egiten ditu. Denbora aurrera doan einean, ordea, sentsazio horiek igaro egiten dira eta egoera depresiboa eta estutasuna sortzen dira. Droga honen ondorio nagusiak ondorengoak dira.
- Odol hodiak uzkurtzen ditu.
- Erritmo kardiakoan gorabeherak eragiten ditu.
- Jarduera psikikoa handitzen du.
- Desinhibizioa sorrarazten du kontsumitu duen pertsonarengan.
- Esnifatzeko erabili diren tresnek hainbat gaixotasun kutsatzeko arriskua dute.
- Zenbait pertsonengan, gaitz psikikoak eragin ditzake.
Sintesi drogak
Sintesi drogak droga berriak direla esan beharra dago. XX. mendearen azken hamarkadatik aurrera kontsumitzen dira droga horiek, eta beraien sorrera jaiarekin eta giro berezi batekin lotuta dago. Sintesi drogak batez ere techno musikaren mugimenduarekin eta rave izenekoarekin erlazionatuta daude.
Droga mota hau kimikoki prestatzen da. Legez kanpoko eta ezkutuko laborategietan substantzia ezberdinak nahastuz lortzen dira pilulak edota beste elementu batzuk. Kasu gehienetan substantzia zalantzagarriak nahasten dira droga hori sortzeko eta ez da jakiten kontsumitu behar den horrek zehazki zer duen. Horren eraginez, ondorioak askoz ere larriagoak dira eta arriskuak handitu egiten dira.
Kasu gehienetan, sintesi drogak pilula itxurarekin saltzen dira. Koloretako pilulak eta konprimituak dira, eta forma ugari dituzte. Gainera, marrazki bat izaten dute.
Modu honetako drogak hartu ondoren, estutasun apur bat izaten da. Izan ere, presio arteriala handitu egiten da, erritmo kardiakoa bizkortu eta masailezurreko muskulua uzkurtu egiten da. Era berean, azala hezetu egiten da eta ahoa lehortu. Ondoren, euforia eta ongizate eta plazer sentipena izaten du kontsumitzaileak. Sentsazio horiek igaro ondoren, ordea, estutasuna eta egoera depresiboa sor daitezke. Sintesi drogen ondorio nagusiak ondorengoak dira:
- Deshidratazioa sortzen du. Egoera hau areagotu egiten da gaizki aireztatutako lekuetan eta ariketa fisiko gehiegi egiten bada.
- Ahultasuna eragiten du eta aldartze ezegonkorra sortu.
- Gaitz psikiko larri eta iraunkorrak eragiten ditu.
- Beste substantzia batzuekin nahastuta, droga horren arriskuak handitu egiten dira.
- Sintesi drogak oso arriskutsuak dira erritmo kardiakoaren gorabeherak, asma, epilepsia, giltzurrunetako arazoak, diabetea, astenia eta arazo psikologikoak dituzten pertsonentzat.
Heroina
Heroina morfinatik lortzen den opiazeo indartsua da. Opiazeoak substantzia naturalak dira, eta opio-belarretik lortzen dira. Heroina hauts bezala aurkezten da, eta zainetik kontsumitzen da. Droga disolbatu eta berotu egiten da, eta xiringa erabiliz barneratzen da. Hala ere, HIESa agertu zenetik, kontsumitzeko modu hori asko jaitsi da. Izan ere, xiringak partekatu egiten dira, eta gaixotasuna kutsatzeko arrisku handia dago. Horrez gain, heroina esnifatu eta erre ere egiten da.
Droga hau gaizki ikusita dago gizartean. Kasu gehienetan HIESarekin lotzen da, eta kontsumitzen dutenak baztertuta egoten dira. Azken urteetan, erakundeek hainbat kanpaina egin dituzte heroina kontsumitzaileek xiringak partekatu ez ditzaten. Modu horretan, HIESaren kutsadura gutxitzea lortu nahi da.
Heroinak antidepresibo moduan jokatzen du, eta, horren ondorioz, kontsumitu eta berehala euforia eta estasi sentipena sorrarazten ditu. Ondoren, ordea, sentipen hori igaro egiten da, eta logura, zorabioak eta erritmo kardiakoa jaistea eragiten du. Gaindosia gertatzen bada, arnas gutxiegitasuna eragin dezake, eta, horren ondorioz kordea galtzen da. Kasu batzuetan, heriotza ere eragiten du. Droga honek berehala sorrarazten du mendetasuna, eta kontsumitzaileen beharrak ugaldu egiten dira. Heroinaren ondorio nagusiak ondorengoak dira:
- Erritmo kardiakoan gorabeherak.
- Anorexia eta lo egin ezina.
- Arrisku soziala.
- Kordea galtzea.
- Heriotza.
- Xiringak partekatzen badira HIESa eta beste hainbat gaixotasun kutsatzea.
Kontsumo motak
Drogen kontsumoaren ondorioak eta arriskuak aldatu egiten dira substantzien eta haien erabileraren arabera. Kontsumitzailearen ahultasunak, substantziaren ezaugarriek, inguruak edota kontsumoaren kantitate eta maiztasuna ezberdinak izan ohi dira eta eragin ezberdina dute pertsonengan.
Komunitate zientifikoak jokabide ezberdinak bereizten ditu:
Erabilera
Noizbehinkako kontsumoa da, neurrizkoa kasu gehienetan eta posible da urrunago ez iristea. Egoera hau sarriago gertatzen da gazteen artean, jakin-minez, denbora-pasa moduan edo ingurukoak imitatzearren probatzen baitituzte.
Litekeena da kontsumo mota honek pertsonarengan eta inguruan berehalako ondorio negatiborik ez eragitea, nahiz eta aldian aldian intoxikazio larriak gertatzen diren.
Alkohola izan ohi da modu honetara kontsumitzen den substantzia ohikoena. Tabakoa eta kanabisaren erabilera ere gero eta zabalduago dago.
Abusua edo erabilera problematikoa
Drogen abusua erabilera desegokia da, pertsonarengan edo bere ingurunean kalte fisiko, psikiko eta sozialak sortzen baititu. Kontsumo mota hau ez da aldi bakarrean hartzen den substantziaren kasua ezta neurrizko kontsumoa ere. Hori baino gehiago da. Egoera hauetan gertatzen da:
- Kontsumoak arrisku erantsiak eragiten dituenean (gidatzean konzentrazioa galtzea)
- Elkarbizitzaren arauak hausten direnean (indarkeria ekintzak edo istripuak drogen eraginpean)
- Arazo pertsonal eta sozialak larriagotzen direnean (familia harremanak, ekonomikoak...)
- Zailtasunak lanbidearen eskolaren eta familiaren betebeharrei erantzuteko
- Egun batzuez droga uzteko ezintasuna
Mendetasuna
Mendetasuna, kontsumo aldi baten ondoren, drogarekiko harremanari lehentasuna ematen zaionean hasten da. Substantzia hori bilatzea eta kontsumitzea da pertsona horrentzat eguneroko zeregin garrantzitsuenetakoa. Sintomak honako hauek dira:
- Kontsumitzeko beharrari aurka egiteko ezintasuna
- Barne tentsioa areagotzen da, estutasuna dago ohiko kontsumoaren aurrean eta depresiora iritsi daiteke
- Kontsumitzen denean lasaitasuna sentitzen da
- Autokontrola galdu dela sentitzen da
Polikontsumoa
Sarritan droga bat baino gehiago kontsumitzen dira aldi berean: alkohola eta tabakoa; kanabisa, tabakoa eta alkohola; estasia eta kanabisa...
Kontsumo mota honen arriskuak ez dira beti ondo ezagutzen. Sustantziak nahasten direnean, euren ondorioak ugaldu egiten dira eta arriskuak ere bai.
www.kolokon.com
"Gazteok honela ulertzen ditugu sexua, drogak eta rock-and-rolla". Hau da web orri honen leloa. Izan ere, gazteek izan ditzaketen arazo edo zalantzak ulertzen dituzte eta hauei erantzuna ematen saiatzen dira.
Euren helburua, droga eta sexuari buruz batez ere, informazio zabala eta zehatza ematea da. Gero, zuk egokien deritzozun erabakia har dezazun.
Ez dizute zer egin eta zer ez esango, informazioa soilik emango dizute. Zu baitzara zure erabakien arduraduna.
Drogei dagokionean, "merkatuan" aurki daitezkeen substantzia guztien informazioa eskaintzen dute. Bakoitzak ze sentsazio sortzen dituen, ze osagaiz egina dagoen eta ze ondorio izan ditzaken kontatzen dute.
Informazioa irakurtzeaz gain, zalantzak agertzen lagunduko dizute. Idatzi zure galdera eta epe motz batean erantzuna jasoko duzu. Galdera interesgarrienak publikatu egiten dituzte.
Baina www.kolokon.com ez da hori bakarrik. Kontzertuen agenda zabala daukate eta, beraz, asteburuak eta denbora librea antolatzen lagunduko dizute.
Gehiago jakin gutxiago arriskatu
Drogak ezagutzen dituzu?
Osasun Ekintza Osasun Mentala Zuzpertu eta Hedatzeko Euskal Autonomia Erdikidegoko Adituen Elkartea da. Elkarte honen helburuetako bat eskatzen duten pertsonei arlo ezberdinetan laguntzea da.
Osasun Ekintza elkartea arduratzen duen gaietako bat drogak dira, batez ere gazteen artean dagoen kontsumoa. Horregatik, elkarteak test bat jarri du abian, jokuen bidez gazteek drogen inguruan informazio gehiago izan dezaten eta sustantzien kontsumoa jaitsi dadin. Jokuan parte hartzea oso erraza da. Egin klik hemen eta drogen inguruan duzun ezagutza maila neurtu ezazu.
Informa zaitez
Drogamenpekotasuna Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Gizarte Gaiak Saila
Drogomedia Drogomedia
Osasun Ekintza Osasun Mentala Zuzpertu eta Hedatzeko EAEko Adituen Elkartea
Gizakia Fundazioa Gizakia Fundazioa
Drogen inguruko Nazio Plana Drogen inguruko Nazio Plana
Sin Drogas Fundazioa Sin Drogas Fundazioa
Tabakismoaren Prebentzioarako Nazio Komitea Tabakismoaren Prebentzioarako Nazio Komitea
Edex Fundazioa Edex Fundazioa

Alkoholiko Anonimoak Alkoholiko Anonimoak
|