Dobris txostenean (1995) jasotzen denaren arabera, "hondakinen izaera hobeto uler daiteke materialen bizitza-zikloa aztertzen bada, hasi erauzten direnetik eta betiko ezabatzen diren arte (1. grafikoa). Materialak hondakin bihurtzen dira, produkzioko eta kontsumoko prozesu-mota ugariren ondorioz. Behin sortu direnean, hondakinak berriro erabil daitezke, lehengaiak edo energia berreskuratzeko birziklatu egin daitezke, edo haien arriskugarritasuna murrizteko tratatu egin daitezke. Berreskura ezin daitezkeen materialak zabortegietara bidali ohi dira. Materialen bizitza-zikloaren fase bakoitzean kontroleko hainbat aukeren artean hauta daiteke, hondakin-materialen kantitatea eta arriskugarritasuna murrizteko. Hondakinen kudeaketan egiten den urrats bakoitzak eragina izan dezake ingurugiroan, eta kudeaketako metodo bakoitzak ere poluitzaileak askatzen ditu hainbat modutara ingurugiroaren arlo desberdinetan".
1. irudia. Materialen bizitza-zikloa
|
 |
Hondakinen definizio legala:
1998ko otsailaren 27ko Ingurugiroa Babesteko Lege Orokorrak (1998ko martxoaren 27ko EHAA, 59. zk.) eta 1998ko apirilaren 21eko Hondakinei buruzko Legeak (1998ko apirilaren 22ko BOE, 96. zk.), "hondakin" terminoa horrela definitzen dute:
"hondakintzat bere edukitzaileak utzitako edo uzteko asmoa edo obligazioa duen edozein substantzia edo objektu hartuko da. Nolanahi ere, hondakintzat hartuko dira Batzordearen 1993ko abenduaren 20ko (94/3/CE) erabakiz Europako Hondakinen Katalogoan dauden eta aurreko lege-definizioarekin bat datozenak."
Beraz, Europako Batzordeak landutako Europako Hondakinen Katalogoa (C.E.R.) ezinbesteko giltzarria da hondakinak definitu eta sailkatzeko garaian.
Katalogo hori (EHK) Kontseiluaren Hondakinei buruzko 75/442/CEE Arteztarauari jarraiki sortu eta onetsi zen eta 91/156/CEE Arteztarauaren (esparru-arteztarauaren) bidez aldatu zen; azken horrek Europako Batasuna osatzen duten estatu guztientzat hondakinen erreferentzia izango den zerrenda bat osatzea eskatzen du. Hondakinen katalogoak hondakinak kontrolatzeko sistemak bateratzeko eta haiei buruzko txostenak egiteko aukera ematen du. Sistema honek hondakinak iturri, prozesu eta korronteen arabera sailkatzen ditu, eta hondakinei buruzko estatistika alderagarriak eta bateragarriak sortzeko oinarriak ezartzen ditu.
Orokorki, eta haien jatorriaren arabera, hondakinak horrela sailka daitezke: industriakoak, hiriko hondakin solidoak (udalerrietakoak), nekazaritza eta abeltzaintzakoak, mineral-erauzketako hondakinak, energia sortzeak eragindako hondakinak, araztegietako lohiak eta dragatzeen hondakinak.
|