. Planetaren osasuna, gure osasuna
. Datu kezkagarri batzuk
. Etorkizunerako lehentasunak
Zehazki, zer da iraunkortasuna guretzat, gizabanakoak garen heinean? Zer egin dezakegu arduratsuagoak izateko? Gauza bera egin behar ote dugu denok? Zer egin behar dugu lehenago: gure ingurumena zaindu ala pobrezia ezabatu? Zer lehenetsi behar dugu: gure osasuna ala Lurrarena? Inoiz ez da erraza izaten hauek bezalako galdera zailei erantzun egokia ematea.
Kontsumo iraunkorrari edota bizimodu iraunkorrari buruzko gaiaren bilakaera etengabea da, eta erantzunak oso gutxitan izaten dira biribilak, hau da, zuri ala beltz. Hala ere, badira hainbat oinarrizko elementu gaiari oro har heltzeko erabili daitezkeenak.
Egungo kontsumo-patroiei eusten badiegu, etorkizuna ez da oso itxaropentsua izango (ikusi Aztarna Ekologikoaren atala). Gaur egun egin diren kalkuluen arabera, gure planetak lur-azalera handia galtzen du urtero (Irlandaren tamainako azalera, hain zuzen ere) lurra gehiegi ustiatzeagatik eta deforestazioagatik.
Zenbat eta gehiago kaltetu gure ingurunea, gero eta arrisku handiagoa dugu, eta arrisku handiagoa izango dute etorkizuneko belaunaldiek.
Planetaren osasuna, gure osasuna
Zientzialariek diotenez, 50 landare-espezie desagertzen dira egunero. Beraz, zenbat desagertzen dira astean, hilean, edo urtean? Ez dugu ahaztu behar landareak funtsezkoak direla gaixotasun ugarirentzako sendabidea aurkitzeko. Hortaz, espezie bat galtzen denean, ekosistemari konpondu ezinezko kaltea eragiteaz gain, etorkizunean garatzeko aukera bat galtzen dugu.
Basa Bizitzarako Munduko Foroaren (ingelesez, WWF) datuek erakusten dutenez, munduko herritar arrunt batek 2,3 hektarea behar ditu urtean kontsumitzen duena ekoizteko eta sortzen dituen hondakinak uzteko (hektarea bat futbol-zelai baten azaleraren baliokidea da). Jasan daitekeena baino %40 gehiago da hori.
Datu kezkagarri batzuk
Jarraian laburbildu ditugun datuek erakusten dute kontsumo iraunkorra ez dela ingurumen gai bat soilik, gizaki guztiontzat bizi kalitate duina ere bultzatzen duelako.
-
Munduan 800 milioi lagun elikatu gabe daude.
-
Munduko aberatsenen %20k planetako natur baliabideen ia %75 kontsumitzen dute.
-
Ameriketako Estatu Batuetan planetako biztanleen %6 bizi dira, baina baliabideen %30 kontsumitzen dute.
-
Munduko 225 gizabanako aberatsenen dirutza munduko biztanle pobreen %47ren diru-sarreren adinakoa da, hau da, 2.500 milioi lagunen diru-iturrien adinakoa.
-
Britainia Handian, urtero, 400 bat milioi libera esterlinaren (571 bat milioi dolar) elikagaiak xahutzeen dira zabortegietara botata edo errausketa plantetan erreta.
-
Ameriketako Estatu Batuetan ekoizten dituzten elikagaien laurdena baino gehiago ez dituzte kontsumitzen.
Etorkizunerako lehentasunak
The Worldwatch Institute erakundearen esanetan, hauexek izango dira etorkizunean izango ditugun lehentasunak:
-
Oinarrizko hezkuntza guztiontzat: 6 mila milioi dolar; aldiz, munduan kosmetikoetan 15 mila milioi dolar gastatzen dira.
-
Ura eta saneamendua guztiontzat: 10 mila milioi dolar; aldiz, 14 mila milioi gastatzen dira itsas bidaietan.
-
Oinarrizko osasuna eta elikadura guztiontzat: 19 mila milioi dolar; aldiz, Europan eta Ameriketako Estatu Batuetan 17 mila milioi dolar bideratzen dituzte maskotentzako janaria erosteko.
-
Ugalketaren inguruko osasuna emakume guztientzat: 112 mila milioi dolar; aldiz, Europan eta Ameriketako Estatu Batuetan 18 mila milioi dolar kontsumitzen dituzte makilajetan.
-
Ume guztientzako txertoak eta medikuntza kontrola: 1,3 mila milioi dolar; aldiz, izozkien salmentan 11 mila milioi gastatzen dira.
Informazioaren iturria:
YouthXchange, Kontsumo iraunkorrerako hezkuntzako esku-liburua.
|