· Mugikorraren lapurreta
·
· Bidaiak
Hegazkina, Autobusa eta Trena
·
·
·
Kasu askotan ez dugu ezagutzen gure eguneroko bizitzan baliagarri gertatzen zaizkigun gauza askok nola funtzionatzen duten. Erosketak nola egin behar diren jakitea, bidaia bat nola aukeratu behar den jakitea edota izatezko bikoteek dituzten eskubideak ezagutzea erabilgarriak gerta daitezke gure eguneroko bizitzan. Gazteaukeran baliagarri izango zaizun informazioa bildu dizugu.
Mugikorraren lapurreta
Telefono mugikorra lapurtzen badizute, ba dakizu zer egin? Horrelako egoera batean bazaude, mugikorra berehala blokeatu behar duzu erabiltezin geratzeko. Baina, nola egiten da hori? Oso erraza da. Zure konpainiara deitu behar duzu zure SIM eta IMEI zenbakiak emateko.
SIM zenbakia telefonoaren bateriaren alboan dago. IMEI zenbakia, berriz, zure terminalaren identifikazio zenbakia dena, *#06# markatuta edota baterian begiratuta eskuratu dezakezu. Era berean, bi zenbaki horiek mugikorraren kaxan ere ikusi ahal izango dituzu eta baita erosketa-fakturan ere. Datu horiekin konpainiak zure telefonoa erabiltezin utziko du, eta inork ezingo du bertatik deirik egin. Ezta beste txartel bat erabiltzen badu ere.
Baina zure mugikorrarekin benetan zer gertatu den ez badakizu, hau da, ez badakizu lapurtu egin dizuten edo galdu egin duzun, SIM txartela soilik blokeatzeko aukera duzu. Deitu zure telefono-operadoreari eta eman zenbakia. Modu horretan, zure telefonoa ezingo da erabili baina ez da erabat blokeatuta egongo. Norbaitek zure txartela erabiliz deitzea ekidingo du. Ondoren, berriz ere erabili nahi baduzu, txartel berri bat jarri dezakezu, edota telefono-operadoreari blokeoa kentzeko eskatu.
Ez ahaztu beraz, beti zure telefonoaren SIM eta IMEI zenbakiak izatea. Mugikorra lapurtzen badizute edota galtzen baduzu, erabilgarri izango zaizkizu.
Izatezko Bikoteak
Euskal Autonomia Erkidegoko Izatezko Bikoteen Erregistroak ondorengo xedea du: sexu bereko edo ezberdineko adin nagusiko pertsonen arteko maitasun harreman egonkorrak erregistratzea. Horretarako ez da beharrezkoa izango etxebizitza berean bizitzea eta nahikoa izango da bikotekideetako bat EAEn bizitzea.
Ezkondutako bikoteek dituzten zenbait eskubide aitortuko zaizkie (zergetan, lanean, oinordekotzan...). Gainera, erraztasunak izango dituzte erregistratzeko eta harremana ezeztatzeko.
Izatezko Bikoteen Erregistrora biltzeko betebeharrak
- Pertsona biak adinez nagusi edo adingabeko emantzipatuak izatea.
- Biak gaitasun osoarekin.
- Ezin dute euren artean lerro zuzeneko odol- edo adopzio- ahaidetasunik eduki.
- Ezin dute euren artean alboko lerroko bigarren mailako odol-ahaidetasunik eduki (neba-arrebak).
- Ezin dute ezkontza edo izatezko bikotearen bidezko loturarik izan beste inorekin ere.
- Bikotekideetako bat Euskal Autonomia Erkidegoko udalen batean erroldatuta egotea.
Izatezko Bikoteen Erregistroan izena ematea
Izatezko Bikoteen Erregistroan izena emateak eraketa-ondorioak ditu; beraz, izena ematen ez duten bikoteei ez zaie lege hau aplikatuko.
Euskal Autonomia Erkidegoko Izatezko Bikoteen Erregistroan bertan eman daiteke izena, zuzenean, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak hiru lurralde historikoetan dituen ordezkaritzetan baitago, edo bestela, udal erregistrora jo, halako erregistroa duten udaletan, behintzat.
Etxebizitza eta Gizarteko Gaietako Ordezkaritzak
Samaniego, 2
01008 Gasteiz
Kale Nagusia, 85
48011 Bilbo
Andia, 13
20004 Donostia
Legearen inguruko, edota behar diren paperen inguruko informazio gehiago irakur dezakezu.
BERDINDU zerbitzua
Sexu bereko bikoteek, hala behar badute, informazio gehiago eskura dezakete Eusko Jaurlaritzaren BERDINDU-Lesbiana, Gay eta Transexualen Arretarako Zerbitzuan, telefono honetara deituz: 900 840011 edo ondoko posta elektronikoaren helbidera idatziz: berdindu@ej-gv.es.
Bidaiak
Bidaitzea, kasu gehienetan, ekintza atsegin eta positiboa da. Baina bidaia bat amesgaizto batean ere bilakatu daiteke. Ezustekoek, zehaztutako zerbitzuak ez jasotzeak eta beste zenbait arazok gure aisialdiko eta atseden hartzeko egunak hondatu ditzakete. Horregatik, oso garrantzitsua da bidaia behar bezala prestatzea, sinatu dugun kontratua egiaztatzea eta batez ere, gure eskubideak errespetatzea. Hau da, kontsumitzaileen eskubidak errespetzea.
Bidaia bat kontratatzen denean, jaso behar ditugun zerbitzuak eta baldintzak zeintzuk diren zehaztu behar dira. Era berean, gerta liteke, agentziak diru kantitate bat eskatzea aurrerapen gisa. Legezkoa da hori, baina sekula ezin du azken prezioaren %40a gainditu. Honen inguruan, aipatu, bidaian behar ditugun dokumentu guztiak esku artean izan arte ez dela diru guztia ordaindu behar.
Gerta liteke, bidaia kontratatu ondoren, aldaketak edota ezeztapenak gertatzea. Horiek, bai bidaia antolatu dituen enpresak eta baita bezeroak ere eragin ditzakete. Kasu horietarako, legeak hainbat konpentsazioa zehaztu ditu. Kontsultatu nahi badituzu egin klik hemen.
Hainbat gomendio bildu dizkizugu bidaiatzerakoan arazorik izan ez dezazun. Ondorengoak dira:
- Konfidantzazko agentzia bat aukeratu.
- Kontratuko baldintzak konproba itzazu.
- Behar dituzun dokumentu guztiak jaso dituzula konprobatu, eta baita horiek ongi daudela ere.
- Bidaian arazoak baldin badituzu eta momentu horretan konpondu ezin baldin badituzu, gorde dokumentu guztiak itzuleran erreklamazioa egin ahal izateko.
- Kexaren bat baldin baduzu jo ezazu agentziara.
Hegazkina
Hegazkinez bidaia bat egiteko, ezinbestekoa da txartela erreserbatzea. Gainera, txartel hori erreserba egin duen pertsonak soilik erabili dezake, hau da, titularrak. Aipatu beharra dago, txartelak erreserba besterik ez duela egiten, eta hegazkinean lekua izateko, derrigorrezkoa dela hegazkin konpainiaren erakusmahaian lekua hartzea. Horregatik, gerta liteke, erreserba izan arren, hegazkinean lekurik ez izatea. Overbookina deitzen zaio egoera horri.
Overbookina, edo erreserba gehiegi izatea, onartuta dago eta hegazkin konpainiek egiten dute. Kasu honetan, hegazkinak duen lekua baino txartel gehiago saltzen dira, eta horregatik, posible da ondoren bidaiari guztiek lekurik ez izatea. Hala ere, kontuan izan behar da konpainiek ezin dutela plazen %10a baino gehiago saldu.
Ez badizute hegazkinean igotzen uzten, eta balioa duen txartel bat baduzu, erreklamazioa egin behar duzu berehala. Kasu horretan, bidaiaren dirua itzuliko dizute, edota ahalik eta azkarren joan behar duzun lekura eramango zaituzte. Horretaz gain, hegazkin konpainiak ordainsari bat ere eman behar dizu. Ondorengoak dira horiek:
- 3.500 kilometro baino gutxiagoko distantziak: 150 euro.
- 3.500 kilometro baino gehiagoko distantziak: 300 euro.
Atzerapenak gertatzen badira, ez ahaztu, errespetatu beharreko hainbat eskubide dituzula. Konpainiaren esku ez dagoen arazo batengatik hegaldia bertan behera geratzen bada, diru-itzultzea eskatu dezakezu. Era berean, hegaldiaren atzerapena hegazkinean igota gertatzen bada, konpainiak bidaiarien beharrak asetu behar ditu.
Eta ekipajea hondatzen badizute, edota beranduago ematen badizute, orduan ere, diru-itzultzea izateko eskubidea duzu.
Autobusa
Autobusean bidaiatu behar baldin baduzu, izan kontuan, txartela bidaiaren eguna baino lehen eskuratu dezakezula. Hala ere, bidaia izango den egunean bertan ere lortu dezakezu txartela. Izan ere, autobus konpainiek txartelen %20a gorde behar dute bidaiaren egunean bertan saltzeko. Ez ahaztu, txartel horretan bidaiarientzako aseguru bat sartuta dagoela. Istripuren bat gertatuz gero, aseguru horrek babestuko zaitu.
Autobus batean eraman dezakezun ekipajeak ezin ditu 30 kilogramoak gainditu, eta horri zerbait gertatzen baldin bazaio, hau da, galdu egiten bada edo puskatu, autobus konpainiak jada zehaztuta dagoen diru kantitate bat eman behar dizu. Balioa duten gauzak badaramatzazu, egokiena, bidaia hasi aurretik horien berri ematea da. Horrela, zerbait gertatuz gero jasoko den ordaina handiagoa izango da.
Era berean, atzerapenak izaten badira, konpainia indemnizazio bat ordaintzera behartuta dago. Eta autobusak matxuraren bat izaten badu, berehala konpondu behar da hori eta bidaiariari beste baliabide batzuk jarri behar zaizkio bidaia egiteko. Gogoan izan, txartela gordetzea gomendagarria dela, edozein erreklamazio egiteko ezinbestekoa baita hori.
Trena
Trenak bidaiatzeko beste aukera bat eskaintzen du. Garraiobide hau erabiltzeko asmoa baldin baduzu, kontuan izan zure txartela internet bidez, telefonoz edota geltokian bertan erreserbatu eta erosi dezakezula. Txartela bertan behera utzi behar baduzu, berriz, kontuan izan, hori egiteko bi modu daudela. Jatorrizko geltokian uzten baduzu txartela bertan behera, hori hamabost minutu lehenagora arte egin dezakezu. Beste geltoki batean ezeztatzen baduzu txartela, berriz, ordu bete lehenagorarte egin dezakezu prozesua.
Era berean, kontuan izan, egunari dagokion tarifaren arabera itzuliko dizutela dirua. Beti, ehuneko 15 eta 25 bitartekoa izango da.
Trenetan ez da beharrezkoa ekipajea fakturatzea, eta horregatik, lapurretak izaten badira, edota ekipajea galtzen bada, konpainia ez dago kalte-ordaina ematera behartuta (AVE trenetan bakarrik izaten dira 300 eurora heldu daitezkeen kalte-ordainak). Azkenik, aipatu, atzerapenak izaten badira, txartela trenez aldatzeko aukerarekin duten pertsonei konpainiak helmugara heltzen lagundu behar diola, eta bidaiariaren beharrak asetu behar dituela.
Telefonoa
Orain zenbait urte, eta Europar Batasunak jarritako arauak jarraituz, telefonia finkoko enpresen arteko liberalizazioa eta konpententzia jarri zen abian. Ordurarte, Telefonicak soilik eskaintzen zituen telefonia finkoko zerbitzuak Estatu espainiarrean. Arau berriari esker, ordea, beste konpainia batzuk hasi ziren lanean eta eskaintza handitu egin zen.
Gaur egun, telefono zerbitzua jaso nahi duten hiritar guztiek hainbat enpresen eskaintzen artean egin dezakete aukera. Enpresa bakoitzak bere abantaila eta zerbitzuak ditu, eta horregatik, pertsona bakoitzak bere beharretara eta ahalmen ekonomikora ongien egokitzen den zerbitzua aukeratu behar du. Izan ere, tarifak aldatu egiten dira konpainia batetik bestera. Zenbait enpresek probintzia arteko deiak, edota beste mota batekoak, merkeago eskaintzen dituzte. Era berean, orduaren arabera egiten diren deien salneurrian ere aldaketak daude. Horregatik, eta lehen esan bezala, norberak bere beharretara egokitzen den zerbitzua aukeratu behar du.
Telefono ordainagiri bat jasotzen denean, ordaindu behar den diru kantitatea zati ezberdinetan banatuta dagoela ikusi daiteke. Ordainagiri batean agertzen diren kontzeptuak ondorengoak dira:
- Abonu kuota: zerbitzua izateagatik, nahiz eta ez erabili, hilabetero telefono konpainiari ordaintzen zaion diru kantitatea da hori. Telefono mugikorretan berriz, eta aurrez ordaintzen diren txartelei esker, kuota hori ez ordaintzeko aukera dago. Kasu horretan, aurretik ordaintzen da egingo diren deien kostua.
- Egindako deien kostua: kasu gehienetan bi zatitan banatuta agertzen da gastu hau. Lehenengoan, deia sortzean ordaintzen den diru kantitate finko agertzen da. Bigarrenean, berriz, deiaren iraupenaren araberakoa kostua agertzen da.
Kontuan izan behar da, egiten den dei motaren arabera diru kantitate hori aldatu egiten dela. Izan ere, ez da gauza bera herri barnean egiten den deia, probintzia barruan eta kanpoan egiten dena edota nazioartean egiten dena. Era berean, deia egiten den egunak eta orduak ere eragina du ordaindu beharreko diru kantitatean.
- Beste kontzeptu batzuk: ordainagirian beste kontzeptu batzuen inguruko datuak ere ager daitezke. Telefono aparailuaren alokairua esaterako.
- BEZ: ordaindu beharreko diru kantitateari Balio Erantsien Zerga, hau da BEZ, gehitu behar zaio. Kasu honetan, %16koa da.
Automobila
Auto bat erostea ez da lan erraza. Diru asko gastatzea suposatzen du eta gainera, gure beharretara eta gustuetara egokitutako ibilgailua aurkitu behar dugu. Baina ba al dakizu auto bat erosteko zer egin behar den eta ze gauza hartu behar diren kontuan? Hasiera hasieratik horri arreta jarri behar zaio. Erosketa on bat egin dezazun guk aholku txiki bat batzuk emango dizkizugu.
Automobil berria
Kotxe berri bat erosi nahi baduzu, zure beharretara eta gustuetara gehien egokitzen dena aukeratu behar duzu. Horretarako, hainbat iragarki eta aldizkari berezitu daude, automobilaren nondik norako guztien berri ematen dutenak. Hala ere, aldizkari hauetan agertzen diren salneurriak fabrikatzaileek gomendatutakoak izaten dira eta sarritan ez datoz bat kontzesionarioek ezartzen dituztenekin. Kontzesionario bakoitzak salneurri bat ezartzen dio auto bakoitzari eta horregatik komenigarria da interesatzen zaigun ibilgailua kontzesionario batean baino gehiagotan ikustea. Automobilagatik ordaintzen den prezioan, ondorengoak daude sartuta:
- Fabrikako benetako prezioa, tramitazio eta entregatu aurreko gastuak, eta garraio gastuak.
- Ordaindu beharreko zergak:Balioari Erantsitako Zerga (BEZ), %16koa, eta Hainbat Garraiobideen Zerga Berezia, %12koa. Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen Zerga ere ordaindu behar zaio udalari.
- Matrikulazioak eragiten dituen gastuak.
Behin automobila eskuratuta, ordain-agiria eskatu behar da. Horrez gainera, eskaintzen diren bermeak idatziz agertzea ere eskatu beharko da. Bermeak gutxienez 6 hilekoa izan behar du, nahiz eta kontsezionario gehienek urte beteko bermea eskaintzen duten.
Automobil erabilia
Eskuratu nahi duzun ibilgailua erabilitakoa edo bigarren eskukoa izan daiteke. Horrelakoetan ere, zenbait gauza kontuan hartu behar dira. Honako hauek esaterako:
- Ibilgailua egoera onean dagoen ikusi behar da. Horretarako, teknikari batengana joatea komeni da.
- Automobilak Ibilgailuen Azterketa Teknikoa (IAT) gainditu duela egiaztatu behar duzu azterketa teknikoari buruzko txartelean.
- Trafikoko Lurralde Bulego Nagusira joatea komeni da Ibilgailuen Erregistroan erosi nahi dugun automobilari buruzko egiaztagiria eskatzeko.
Behin automobila eskuratuta, saltzaileak zirkulazio- baimena eta Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen Zergari dagokion azken ordainagiria eman behar dizkizu.
Elikagaiak
Oso erraza da erosketa-otarra betetzea. Baina, modu egokian egiten al duzu? Pausu zehatzik jarraitzen al duzu? Erosketak egiten dituzun dendaren baldintzetan arretarik jartzen al duzu? Kontuan izan beharrako arloak dira horiek guztiak. Horregatik, gauzak behar bezala egiteko eta zure erosketa-otarra modu egoki eta onean betetzeko hainbat gomendio bildu dizkizugu hemen.
-
Higiene-baldintzak betetzen ez dituzten establezimenduetan ez da erosketarik egin behar. Kontuan izan hoztu eta izoztutako produktuak bero-sorgailuetatik urrun daudela, eta baita produktuak dauden apalak ez daudela lurrean, bertatik zentimetro batzura baizik.
-
Produktuaren iraungitze-data kontuan har ezazu, batez ere, produktua merketuta baldin badago.
-
Produktuaren ezaugarriak kontuan har itzazu. Hau da, ontzia irekita, hondatuta edo apurtuta ez dagoela kontuan izan, eta etiketa duela. Ezinbestekoa da produktu guztiek etiketa izatea.
Erosketa egin ostean, erositako elikagaia prestatu eta gertatzeko unea heltzen da. Pertsona bakoitzak bere modu eta ohiturak ditu jakiak prestatzeko, baina ez da ahaztu behar, hainbat gomendio jarraitzea beharrezkoa dela. Adibidez, higienea eta garbitasuna ezinbestekoak dira. Zenbait pausuk zure jakiak prestatzeko lanean lagunduko dizute.
1. Erabili behar dituzun tresnak eta azalerak garbi egon behar dute. Erabili ostean berriz garbitu behar dira.
2. Elikagaiak erabiltzen hasi aurretik ezinbestekoa da eskuak garbitzea. Batez ere, komunean edo etxeko animaliekin egon baldin bazara.
3. Jakiak prestatzerakoan, elikagai bakoitzak behar duen denbora eta tenperatura erabil ezazu. Modu horretan, jakiek izan ditzaketen germenak hilko dira.
4. Janaria prestatu ondoren, ahalik eta azkarren kontsumitu behar da. Gainera, sobratzen dena behin baino gehiagotan ez berotzea gomendatzen da.
5. Prestatu duzun janaria gorde nahi baduzu, horretarako egokia den ontzi bat erabili ezazu, eta tapa jar iezaiozu.
6. Bero egiten badu, garbitasun neurriak, eta produktua gordetzeko neurriak handiagoak izan behar dute.
Kontsumitu duzun produktu batek zure osasunari kaltetu diola uste baduzu, berehala joan behar duzu medikuarengana. Era berean, intoxikazioa jaki zehatz batek sortzen duela uste baduzu, ez ezazu zakarrontzira bota, bere analisia erabilgarria izan baitaiteke.
|