Bidaia bat prestatzen ari bazara eta ibilbidea autoz egitea pentsatzen baduzu, har itzazu kontuan hainbat gomendio erraz. Zure bidaia erosoagoa izango da horiei esker eta baita seguruagoa ere. Izan ere, opor garaietan milioika auto ateratzen dira errepidera eta istripuak izateko aukerak handitu egiten dira.
-
Prestatu bidaia aurretiaz. Noiz atera behar duzun aurretiaz erabaki eta baita ze bide erabiliko duzun ere. Ahal bada, jende gehien dagoen egun eta orduak ekidin eta bide alternatiboak erabili.
-
Autoaren egoera konprobatu. Besteak beste, neumatikoen presioa begiratu eta balazten egoera ikusi. Depositoa erregaiez bete, erretentzio eta auto-iladak topa baititzakezu bidean.
-
Errepideen egoeraz eta eguraldiaz informatu. Bidaia hasi aurretik bildu ezazu errepidearen egoerari eta izango duzun eguraldiari buruzko informazioa.
-
Maniobrak sasoiz seinalatu. Autobidera bazoaz, erabili beti eskuineko bidea eta ezkerrekoa beste ibilgailu batzuk aurreratzeko soilik erabili. Egin behar duzun edozein maniobra, beste auto bat aurreratzea adibidez, ongi adierazi sasoiz. Autoa errepidean geratzen baldin bazaizu, bidetik eta bazterretik ahalik eta gehien aldendu.
-
Auto-iladetan pazientzia eduki. Auto-iladetan ez aurreratu eta segurtasun distantzia mantendu. Egokitu abiadura inguratzen zaituen trafikora.
-
Atsedena hartu. Bi orduero edo 200-250 kilometro gidatu ondoren atsedena hartu eta hankak luzatu. Gidatzeko jantzi erosoak eraman itzazu. Ez egin otordu astunik, logurea eta disgestio astunak eragiten baitu. Ez edan alkoholik, erreflexuak gutxitzen dituelako eta segurtasun sentsazio faltsua ematen duelako.
|