Hamar abiapuntu gatazkan dauden gizarteetan gazteekiko lana hobetzeko
Lehendakariaren adierazpenak: Lehendakariak dio gaztediak irtenbideak bilatzea eta erabakietan parte hartzea eskatzen duela
Amaierako dokumentua (pdf, 21 Kb)
2007ko urriaren 18a eta 20a bitartean Arantzazun (Oñati, Gipuzkoa, Euskadi) Gazteei eta Gatazkari buruzko Nazioarteko Konferentzia burutu da, Public Achievement erakundeak eta Eusko Jaurlaritzako Gazteria Zuzendaritzak antolatuta, eta Baketik Arantzazuko Bake Zentroaren lankidetzarekin. Konferentzia honetan hainbat delegaziok hartu dute parte: Israel, Palestina, Armenia, Ipar Irlanda, Bioko Uhartea, Egipto, Kolonbia, Ameriketako Estatu Batuak, Katalunia, Galizia eta Euskadi.
Konferentziaren helburuetako bat izan da munduko edozein tokitan gatazka-egoeran murgilduta dauden gazteekin lan egiterakoan hobetu daitezkeen lehentasunezko alderdien inguruan eztabaidatu eta gogoeta egitea. Lan horren emaitza da gomendio izaerako hamar abiapuntu biltzen dituen dokumentu hau. Ez dira ondorio itxiak; lan egiteko hipotesi irekiak dira, Konferentzian egon den delegazio bakoitzak bere testuinguruan esperimentatu eta aztertu ahal izango ditu, eta Konferentziaren hurrengo edizioetan ebaluatu, sakondu eta hobetu egingo dira.
Abiapuntu horien muina gazteek -kolektibo gisa zein norbanako gisa- duten ahala aintzatestean datza, eskubideen eta erantzukizunen subjektu baitira, bai eta gizartearen eraikuntzaren protagonista ere. Gatazka mota ugari dituzten testuinguruetan proiektatuko direla kontuan hartuta prestatu dira abiapuntu horiek.
A. Printzipioak
1. Giza duintasunari lehentasuna ematea eta gazteekiko lanaren oinarri etikoa zein den argitzea
Gazteekiko lana praktika etikoa da. Hobetu daiteke, baldin gazteek eta gazte-eragileek elkarrekin beren lanari dagozkion alderdi etikoak argitzen badituzte. Hori dela-eta, edozein eraikuntza pertsonal eta sozialen funtsean dagoen giza duintasunari erabateko garrantzia eta lehentasuna aitortzen diogu. Indarkeria-eza, hortaz, aurrekoaren ondorio zuzena izango litzateke.
2. Elkarri entzutea eta gogoeta egitea bultzatzea
Gazteak entzunak eta serioski hartuak izateko espazioak sortarazten ditu gazteekiko lanak. Gazte-eragileek eta gazteek elkarri entzuteko eta gogoeta egiteko gaitasunak garatzen dituztenean dator hobekuntza. Horrek bi prozesu hartzen ditu barne: barrurantz egiten den entzuketa pertsonala eta kanporantz egiten dena, besteekiko enpatia garatzeko.
3. Elkarrizketaren bitartez ikaskuntza sustatzea
Gazteekin lan egiteko ekimen oro ikaskuntzaren komunitate informal bilaka daiteke elkarrizketaren bitartez. Horri dagokionez, funtsezkoa da gazteei beren istorioak kontatzeko eta besteren istorioak entzuteko aukerak ematea. Ildo horretatik, gatazkan dauden beste toki batzuetan nazioarteko topaketak eta trukeak egiteak pertsonak eraldatzeko duen balioa azpimarratu nahi dugu. Hazkunde intelektuala pertsona desberdinen interakzioaren bidez sustatzen da, belaunaldiak, sexuak, orientazio sexualak, diziplinak, ikuspegi historikoak, erlijioak, kulturak, ideologiak, nazionalitateak eta beste barne harturik. Interakzio horiek ongi egituratuta daudenean, bitarteko egokiak eskaintzen dizkiete pertsonei, beren egoera pertsonaletik harago ikus dezaten, aurretiaz zituzten uste sendoak ezbaian jar ditzaten eta beren testuinguruaren konplexutasuna hobeto uler dezaten.
4. Gazteek bizi izandako errealitateak ulertu eta errespetatzea
Gazte eragileak erne egon behar dira gazteen eguneroko errealitatea ezagutzeko, eta gazteek errealitate horren inguruan dituzten ikuspegiak errespetatu, aurretik juzgatu gabe. Errealitate horretan barne hartuta daude bizi duten testuinguru bakarra, identitate partikularrak, gatazkaren historia eta izaera eta gizarteak gazteak tratatzen dituen modua. Ekonomia, gobernua, hezkuntza, polizia, erlijioa, familia eta antzeko egitura handiagoek gazteen testuinguruak baldintzatu egiten dituzte, eta faktore hori garrantzitsua da eurekin lan egiteko garaian.
5. Gazteei ikasten laguntzea esperientziaren bitartez
Gazteekiko lana, eraginkorra izango bada, gazteen esperientzietatik eta beren bizitzetako testuinguruetatik abiatu behar da. Enpatia eta hausnarketaren bidez, gazte-eragileek gazteei eta euren buruei lagun diezaiekete gatazkan dagoen gizarte batean gertatu ohi diren esperientzia latzak zentzuz hornitzeko eta elementu positibo bilakatzeko bidean. Gazteek errealitate politiko eta sozialari buruz galdetu eta beren buruak zalantzan jartzeko aukera ematen duten espazio seguru eta askeak elkarrekin sortzea lanaren funtsezko elementua da.
6. Errealitatearen eta idealen artean dagoen tentsioa ulertzea
Gazteekin lan egitea itxaropena gorpuztea da. Lan honen jatorria eguneroko bizitzako errealitatearen eta aldaketa positiborako itxaropenaren artean dagoen tentsioan dago. Gazte-eragileek laguntza behar dute, batetik beren testuingurua ulertzen lagunduko dieten gaitasun analitikoak garatzeko eta, bestetik, etorkizunerako alternatiba bat irudikatzeko eta bere alde lan egiteko.
B. Gizarteari zuzendutako mezuak
7. Gatazka sozial eta politikoak modu konstruktiboan landu beharraz jabearaztea
Gatazkan dauden gizarteetan gazteekin lan egiteko, beharrezkoa da gatazkak modu konstruktiboan lantzea eta gatazkaren sorburuan dauden arrazoi eta egitura bidegabeen gainean jardutea. Giza eskubideen errespetuarekiko konpromisoa; elkarrizketa eta negoziazioa bultzatzea gatazkak konpontzeko metodo gisa; enpatia funtsezko tresna eta interakzio modu gisa; berdintasuna eta aniztasuna defendatzea bizikidetzarako arau diren aldetik; eta printzipio demokratikoekiko eta herritarrek askatasunez adierazitako borondatearekiko errespetua. Hori guztia behar da gatazkak modu konstruktiboan lantzeko.
8. Gazteek orainaren protagonista izateko duten eskubidea defendatzea
Gazteak ez dira soilik "etorkizun helduak", gaur egungo gizartearen eragile aktiboak ere badira. Gazte izateko eskubidea dute, bizi duten gatazka-testuingurua gorabehera, eta hitz egiteko, jarduteko, parte hartzeko eta eurak izateko eskubidea dute. Gizartea, administrazioak eta Estatuak, hiruak, eskubide horiek errespetatzera behartuta daude.
9. Jabetzea gazteekiko lana gazteen kontua bakarrik ez dela
Gazteekiko lanean gizarte osoaren hezkuntza sartzen da: gazteei buruzkoa eta eskubideei buruzkoa; gazteek parte hartzeko dituzten eta merezi dituzten aukera eta bideei buruzkoa. Gizarteak gazteen ahotsa entzun behar du, gazteek baliozkoak diren ikuspegi bereziak dituztelako bizi duten gatazkari buruz. Gazteek gatazkak eraldatzeko duten boterea eta energia aprobetxatzea da gakoa.
10. Laguntza profesionala sustatzea eta gazteekiko lana eta gazte-eragileena bultzatzea
Gazteekiko eta gazte-eragileekiko lanak indarkerian oinarrituriko gatazkak eraldatzeko berebiziko egitekoa izan arren, sarritan ez du dagokion esker ona jasotzen. Gizarteak eta instituzioek gazte-eragileak lagundu behar dituzte, ahitu ez daitezen eta beren jarduna hobetuz joan dadin. Horretarako ezinbestekoak dira laguntza ekonomikoa, garapen profesionalerako aukerak eta toki-mailan, nazio-mailan eta nazioartean gazte-eragileen sareak eratzea.
Arantzazun, 2007ko urriaren 20an
|