Gure herriak ez du euskara galdu nahi. Barru-barruan itsatsita darama hizkuntzarekiko atxikimendua, bere nortasunaren adierazpide funtsezkoena baita; eta hizkuntza galduz gero, aberastasun paregabea ez ezik kohesiorako elementu garrantzitsuenetako bat ere galduko luke. Horregatik, mendez mende iraun duen hizkuntzari eutsi, esparru guztietara zabaldu eta sendotzeko apustu garbia egin du.
Adituek ezarritako sailkapenen arabera, euskara ez da antzina Asiatik etorritako herri haien hizkuntza-taldeetakoa; aparteko toki berezi batean kokatzen dute Europako hizkuntzen artean. Ez bide du, ingurune geografiko hurbilean behintzat, hizkuntza ahaiderik. Bi dira Europako hizkuntzak biltzen dituzten familiak: indoeuroparra eta uraldarra; baina genetikoki euskara horietatik kanpo dago.
Gaur okupatzen duten lurraldean aspaldi-aspaldian kokatu ziren euskaldunak. Planetako txoko honetan bizi izan dira antzina-antzinatik euskaldunak, gizateriaren historian beren aztarna utziz, kultura tradizio aberats bati eutsiz eta, litekeenez, Europako hizkuntza zaharrenari atxikiak, euskarari alegia, zeina nortasun historiko baten lekuko eta ikurra baita.
Aurreko mendean hizkuntzak konparatzen eta sailkapen zientifikoak egiten hasi eta zenbait hizkuntzen jatorriak argitzen hasi zirenetik euskararen isolamendua areagotu egin da. Entziklopedia modernoetan agertzen diren hizkuntza-sailkapenetan, adibidez, euskarak leku berezia izan ohi du, ez baitu genealogiarik, ezta ahaidetasun ezagunik ere.
Euskararen jatorri bera duen hizkuntzaren bat aurkitzeko hamaika konparaketa egin dira. Horietako bi izan dira nabarmenenak: lehenak euskara eta ibero zaharraren arteko ahaidetasuna gogorarazten du. Joan den mendearen erdialdera arte guztiz onartua izan zen ahaidetasun hau baina teoria hau bertan behera geratu zen testu iberikoak irakurtzen asmatu zenean. Ildo berekoa da euskara eta Afrika iparraldeko hizkuntzak lotu nahi dituen teoria.
Bigarren teoriak, bestalde, Kaukasoko hizkuntzekin erlazionatzen du. Teoria honek aldeko ikertzaile asko izan zituen arren, hizkuntzen arteko erkaketak egiterakoan erabilitako metodologia oso kritikatua izan da eta ondorioen balioa zalantzan dago.
Beraz, oro har, euskarak beste hizkuntzekin izan dezakeen ahaidetasuna oraingoz ezezaguna dela baietsi daiteke.
Gaur egun, 2001-eko Eusko Jaurlaritzaren III. Mapa Soziolinguistikoaren arabera, EAEko biztanleen % 32,2 elebidunak dira, % 18,2 elebidun hartzaileak eta gainerako % 49,6 erdaldun elebakarrak.
Eragile historiko nagusiak
Hegoaldeko lurren okupazioa
Zelta, erromatar, bisigodo eta musulmanen nekazaritzako lurren okupazioek eta okupazio militarrek aspaldi-aspalditik sortu zituzten kokalekuak Euskal Herriko hegoaldean (Arabako eta Nafarroako hegoaldea). Horren ondorioz, hizkuntza-ukipenezko egoerak bizi izan ziren batez ere latinarekin, eta geroago gaztelaniarekin, euskal hiztunen eta beste hizkuntzetakoen artean.
Ekonomia tradizionalaren garrantzia
Euskal ekonomia tradizionalak (abeltzaintza, nekazaritza eta arrantza), gizarte urbanoarekin kontrajarrita, estuki lotuta doa euskarak historian zehar izan duen bilakaerarekin. Izan ere, euskara atxiki-atxikia egon da bizimode tradizionalari eta, hortaz, kanpoko eraginetatik babestuago. Hiriak, aldiz, hizkuntza erromanikoen sarbide izan dira sarritan. Honekin, erraz ulertzen da euskarak Araban eta Nafarroan izan zuen atzerakada goiztiarra.
Industrializazioa
Industrializazioa ere faktore erabakigarria izan da euskararen atzerakadaren prozesuan. XIX. mendean hasita, batik bat Bizkaian eta Gipuzkoan utzi zuen bere lorratza.
Gizarte taldeen jarrerak
Oro har, esan liteke goi-mailako euskal gizarteak (nobleak, merkatariak, apaizak eta burgesia) ez duela leialtasunik erakutsi euskararekiko. Salbuespen dira elizaren barruko hainbat sektore euskaltzale.
Erakundeen bultzada
Erakunde instituzionalen babesa, azkenik, hil ala bizikoa izan da euskararen iraupenaren eta suspertze soziolinguistikoaren barruan. Erakunde instituzionalen babes hau ez zitzaion iritsi hizkuntzari XX. mendeko 80ko hamarkadara arte, demokrazia berrezarri eta Euskal Autonomia Erkidegoaren (1979) eta Nafarroako Foru Erkidegoaren (1982) autonomia estatutuak onartu arte. Bertan jasotzen denez, euskara, gaztelaniarekin batera, Euskal Autonomia Erkidegoaren hizkuntza ofiziala da eta Nafarroan euskararen ofizialtasuna aitortzen da Nafarroako eremu euskaldunetan.
Informazio gehiago nahi izanez gero, jo ezazu Eusko Jaurlaritzako Euskara atarira.