Euskal auziaren nondik-norakoak
I. Kokapena
Euskal Herria edo Euskadi dira Kantauri Itsasoaren ertzean, Espainiako eta Frantziako Estatuak banatzen dituen mendilerroaren, Mendebaldeko Pirinioen bi aldeetan kokatzen den lurraldeari eman zaizkio izenak.
Gaur egun, historikoki eta kulturalki Euskal Herria deritzon lurraldea politika eta administrazio aldetik hiru egituratan banaturik dago: bata Frantziako estatuaren barruan kokatuta dago —Pays Basque delakoa— eta beste biak —Euskal Autonomia Erkidegoa eta Nafarroako Foru Komunitatea— Espainiako Estatuaren barruan.
Lurralde hauen biztanleria orotara 2.873.512 pertsonakoa da eta bere azalera 20.644 km2koa. Europan jatorri preindoeuroparra duten hizkuntzetatik zaharrenetakoa da euskara. Euskararen jatorria oraindik ere ezezaguna da.
II. Bi konstante historian
Historikoki bi konstantek baldintzatu izan dute euskal auzia:
—Euskal Herriaren eta Estatuaren arteko harremanak armonizatzeko zailtasunak.
—Inposaketara edo indarkeriara jotzea arazo hau konpontzeko tresna gisa.
III. Historia
Ezadostasunak mendeetan eta mendeetan luzatu dira (historiagile batzuk xv. menderaino egin dute atzera). Euskal herritarrek betidanik izan dute beren bereizgarritasuna, foruak edo identitatea defendatzeko grina. Erreinu edo Estatuen logika bateratzaile edo berdintzaileak talka egin du beti sentimendu horrekin eta, ondorioz, gatazkak eta, are gehiago, gerrak piztu izan dira xix. mendera arte. Testuinguru horretan, duela 100 urte baino gehiago, izan ere, sortu zen euskal nazionalismoa mugimendu politiko gisa.
IV. Frankismoa
xx. mendean Francoren diktadurak (1936-1975) zeharo larriagotu zuen euskal auzia. Diktadurapean euskal identitatearen sinbolo oro indarkeriaz zapaldu ziren, eta autogobernu modu guztiak deuseztatu. 1958an ETA sortu zen, errepresio horren erantzun moduan. Francisco Franco diktadorea 1975ean hil eta gero, Juan Carlos I.a borbondarraren Monarkia ezarri zen. Demokraziarako trantsizio prozesuari hasiera eman zitzaion.
V. Demokrazia
Trantsizioa hasi eta 30 urte igaro ondoren, bi dira oraindik ere Euskadiri eragiten dioten arazo nagusienak: indarkeriaren jarraipena eta Euskadiren eta Espainiako Estatuaren arteko harreman esparruaren inguruko ezadostasun politikoak. Oraindik ere ez da lortu tradizio politiko guztiak bilduko dituen oinarrizko adostasunik. Ez dute horrelakorik lortu ez Espainiako Konstituzioak, ez Autonomia Estatutuek, ez eta orain arte bizikidetzaren baketze eta normalkuntzaren alde martxan jarri diren Paktuek ere.
V. ETAren indarkeria
Euskal gizarteko pertsona gehien-gehienek ETAren indarkeria modu aktiboan arbuiatzen dute; gutxiengoa dira indarkeria hori ulertu egiten dutenak edo autodefentsatzat jotzen eta justifikatzen dutenak. Sortu zenetik, ETAk mila pertsona inguru hil ditu. Garrantzizko hiru su-eten iragarri ditu: lehenengoa 1989an izan zen, Gobernu sozialistarekin Argelen garatutako negoziazioek porrot egin zutenekoa; bigarrena 1998an izan zen eta 14 hilabeteko iraupena izan zuen; azkenekoak bederatzi hilabete iraun du, 2006ko martxotik abendura bitartean.
VII. Euskal gizartea
Euskal gizartea anitza da, identifikazio politikoaren eta nazio baten parte sentitzearen aldetik: bada Espainiatik independente izango den Euskal Herria nahi duenik; bada status quo-ari eustearen aldekorik; eta bada bere etorkizuna erabakitzeko ahalmena euskal herritarren esku utziko duen autogobernurako esparrua nahi duenik ere. Azken 10 urteotako inkestek eta, are azkenengo hauteskundeetan ere, zera ikus daiteke: euskal gizarteak (a) indarkeria irmoki gaitzesten du; (b) konpondu beharreko arazo politikoak daudela uste du; (c) elkarrizketaren aldeko apustua egiten du; eta (d) etorkizunean izango duen statusari buruz iritzia emateko ahalmena izan nahi du.